Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrena gogora ekartzeko bi ekitaldi egin ditu gaur Azkoitiko EAJk. Lehenik, lore eskaintza egin du Agirre lehendakariaren eskulturaren aurrean; ondoren, Leyre Arrieta Alberdi historialari eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini du Elkarguneko Zeharkako gelan.
Eusko Jaurlaritza: 90 urteko legatua izenburupean, Arrietak lehen Eusko Jaurlaritzaren sorrera eta haren ibilbidea izan ditu hizpide, baita Jose Antonio Agirre lehendakariaren garaia eta erbestealdia ere. Era berean, lehen gobernu hark gaur egungo euskal autogobernuaren oinarriak ezartzeko egindako ekarpena azaldu du.
Hitzaldiaren aurretik egindako lore eskaintzarekin, Agirreren eta lehen Eusko Jaurlaritzaren legatua gogora ekarri dituzte haren izena daraman plazan.