Zientzia eta teknologia tailerrak egingo dituzte Aizkibel liburutegian

Ane Olaizola

Oinatzak. (Pixabay)

Azaroaren 10ean eta 12an saio bana eskainiko die Elhuyarrek 7 eta 12 urte bitarteko umeei; bata elektrizitateari buruzkoa izango da, eta bestea, animalien aztarnen ingurukoa. Gaurtik eman daiteke izena. 

Aizkibel liburutegiak zientzia eta teknologia tailerrak antolatu ditu datorren hilerako, eta Elhuyarrek bi saio eskainiko ditu umeei zuzenduta: bata elektrizitatea tailerra izango da, eta bestea animalien aztarnen ingurukoa. 

Azaroaren 10ean, asteartez, izango da elektrizitate tailerra, eta bertan arlo horri dagozkion oinarrizko kontzeptuak ezagutuko dituzte parte hartzaileek. Era berean, erronka eta esperimentu praktikoen bidez, material eroaleak, patata elektrikoa zein paperezko zirkuitu elektrikoak landuko dituzte. 

Hilaren 12an, berriz, Basoko aztarnak izeneko tailerra egingo dute. Saio horren bidez, basoko animalien aztarnak identifikatzen eta interpretatzen ikasiko dute umeek, eta animalia baten oinatza egingo dute material termopolimeroa erabiliz.

Bi saioak 18:00etatik 19:30era artean izango dira Aizkibel liburutegian, eta 7 eta 12 urte bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute. Interesa dutenek gaurtik hilaren 11ra bitartean eman dezakete izena, liburutegira joanda edo hango 943-85 08 98 telefono zenbakira deituta. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide