Azkoitiko Udalak bihar, asteazkena, egingo du urriko ohiko udalbatzarra, udaletxeko bilkura areto nagusian (18:00). Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), beste hainbat eragilerekin batera, Esnatu dinamika aurkeztu du aurten, eta EAJk eta EH Bilduk mozioa aurkeztuko dute, dinamika horri atxikimendua erakusteko.
Horrekin batera, kreditu gehigarri baten bidez kreditua aldatzeko 7 zenbakidun espedientea onartuko dute. Gainerakoan, gai zerrendak ohiko puntuak jasoko ditu. Ohi bezala, Gukak zuzenean eskainiko du udalbatzarra, udalaren zuzeneko seinaleari esker.
Hona hemen gai zerrenda:
- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 7 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
- EAJ eta EH Bildu udal taldeek Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Esnatu dinamikaren bueltan aurkeztutako mozioa.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.