Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola zikloak bihar, asteazkena, izango du azken saioa; Errigora egitasmoarekin agurtuko dute aurtengo zikloa. Izan ere, Nafarroako elkarteak Sustraitik espaziora dokumentala sortu du, eta ikus-entzunezko lan hori aurkezten izango da Peru Aranburu Errigorako kidea bihar, Elkarguneko Oteiza aretoan (18:00). Dokumentala eman eta gero solasalditxoa eskainiko du hark.
2012an lehen proba egin ondoren, 2013 abiatu zuten Errigora egitasmoa. Bide luzea egin dute geroztik, eta bide hori jasotzera dator Sustraitik Espaziora dokumentala. Euskara ofiziala ez den zonaldean hari bultzada ematea du helburu Errigorak, eta auzolana da egitasmoaren lanabes nagusia. Nafarroa erdi eta hegoaldea ditu ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak diren elikagaiei Euskal Herri luze-zabalean bidea emanaz.
Dokumentalak Errigorak lanak nola egiten duen erakutsiko du, eta horretarako, eragile desberdinen testigantzak jaso dituzte, bakoitzak egitasmoaz dituen hausnarketak pilatzeko. Besteak beste, kontserba etxe bateko jabea, euskararen aldeko mugimenduan dabiltzan eragileak, D-ereduko gurasoak eta euskaltegietakoak izango dira protagonista. Errigora zer den ulertzeko eta barrutik ezagutzeko aukera eskaintzen du dokumentalak.
Hona hemen Sustraitik espaziora dokumentalaren trailerra: