Ligako partida bana jokatu dute Anaitasunaren talde nagusiek asteburuan etxean, eta indar erakustaldia egin dute taldeek, batak zein besteak garaipen bana erdietsi baitute: gizonek 3-0 egin dute Ordiziaren aurka, eta emakumeak 2-0 gailendu zaizkio Lakuari.
Espainiako Errege Kopako partidaren atarian, "etxeko lanak eginda" zelairatu zen Anaitasunaren gizonen taldea, maila ona erakutsi baitzuten. Hasieran erritmoa hartzea kosta egin zitzaien, baina gorritxoek partidaren kontrola hartu zuten pixkanaka, eta 17. minuturako Anaitasunaren aurreneko gola sartu zuen Pastrik, Julen Aramendiren asistentziari esker. Hurrengo biak, gainera, ia errenkadan iritsi ziren: 24. minutuan Hichamek bigarren gola eman zion taldeari, orduan ere Aramendiren asistentziarekin, eta hamar minuturen barruan, Ekaitz Sudupek beste gola sartu zuen; ligako bigarrena.
Horrenbestez, markagailua 3-0 zela joan ziren taldeak atsedenaldira, eta handik bueltako zatia joan-etorri handikoa izan zen: Ordizia hainbatetan saiatu zen Anaitasunaren atera hurbiltzen, eta Anaitasunak ere izan zituen aukerak laugarren gola sartzeko; ordea, ez batak ez besteak ez zuen halakorik egiterik lortu, eta bigarren zatia hasi zuten moduan amaitu zuten norgehiagoka Ohorezko Erregionalen Mailako bi taldeek.
Beste hiru puntu eskuratuta, sailkapeneko hirugarren postuan da Azkoitiko taldea, 15 punturekin. Anaitasunak ligako partida bat gutxiago jokatuta, sailkapenean aurretik ditu Zarautz eta Tolosa, 17 eta 16 punturekin, hurrenez hurren. Sailkapeneko zortzigarren postuan den Urola taldearen aurka jokatuko du ligako datorren partida Anaitasunak, baina gorritxoek, uneotan, asteazkeneko partidara dituzte bideratuta indar guztiak; Alavesen kontra jokatuko duten Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketara, hain zuzen.
Aukera askoko partida
Gizonek bezala, emakumeek ere asteburu oparoa izan dute ligako azken jardunaldian. Gasteizko Lakua taldearen aurka jokatu zuen hark Euskal Ligako partida, eta erraz gailendu zitzaien. Golak sartzeko "aukera askorekin" zelairatu ziren jokalariak, eta partidaren 10. minuturako, egindako lana bere fruitua ematen hasi zen haien lana. Alboko sake bat baliatu zuen Mariak area barrura erdiraketa egiteko, eta Leirek Lakuako atzelarien hutsa aprobetxatu zuen markagailua 1-0 jartzeko. Norgehiagokaren hogeita hamargarren minutura arte, Anaitasunarena izan zen baloia, eta aukerak ere hainbat izan zituen gola sartzeko, baina ez zuen lortu abantaila handitzerik. Hortik aurrera, Lakuak pauso bat aurrera eman zuen, eta Anaitasuna haien jokoan sartu zen; baloi luze askoko minutuak izan ziren ondorengoak, Anaitasunaren dominantzia gutxiagokoak, eta nabaria izan zen gola sartzeko presa.
Markagailua 1-0 zela joan ziren taldeak atsedenaldira, eta handik bueltan, segituan lortu zuten gorritxoek bigarren gola: Enarak falta bat atzelarien bizkarrera erdiratu zuen, Leirek buruz luzatu zuen eta Mariak ez zuen barkatu ate hutsean. Bigarren golaren ondoren, Lakuak aukera bikaina eduki zuen errenta murrizteko; izan ere, penaltia jaurti zuen taldeak, baina Intza Paredes atezainak bikain asmatu zuen, penaltia gelditu baitzuen. Hortik aurrera, Anaitasunak aldaketak egin zituen partida lasaitze aldera eta baloiaren jabetza handiagoa edukitzeko asmoz. Aukera ugari izan zituen hirugarrena sartzeko, eta baina ez zuen lortu halakorik, eta 2-0 amaitu zen taldeen neurketa. Horrenbestez, sailkapeneko seigarren postuan kokatu da Anaitasuna, hamar punturekin. Datorren jardunaldia, berriz, Erandioko Betiko Neskak liderraren aurka jokatuko dute, haien etxean.