Julen Zialtzeta laugarren, kluben arteko Espainiako txapelketan

Andoni Elduaien

Zialtzeta, eskuinean, Azpeitiko beste hiru atletekin. (Utzitakoa)

2.000 metrotako oztopoen proban aritu da Zialtzeta, eta hirugarren sailkatu da. Taldekako txapelketan, orotara, laugarren postua erdietsi du hark Donostiako Atletico San Sebastian taldearekin. 

20 urtez azpikoen kluben arteko Espainiako txapelketan parte hartu du asteburuan Azkoiti-Azpeitiko Xeye taldean diharduen Julen Zialtzeta atletak. Donostiako Atletico San Sebastian taldearekin aritu zen korrikalari azkoitiarra Huescan (Espainia), eta 2.000 metrotako oztopoen proban lehiatu zen hura. Hirugarren postuan sailkatu zen Zialtzeta, lasterketa 06.50 denboran amaituta. 

Azkoitiarrarekin batera, txapelketan lehiatu ziren Ibai eta Jokin Maiz anaia azpeitiarrak. Ibaik 3.000 metroko lasterketan korritu zuen, eta bosgarren sailkatu zen (09.33). Jokin, berriz, laugarren helmugaratu zen 1.500 metroko proban (04.10). Atletico San Sebastian taldeko Josu Zelaiak, bestalde, bi probatan parte hartu zuen: 200 metrokoan bigarren postua erdietsi zuen (00.22,61) eta 4x100 erreleboetan, aurrenekoa (00.42,82).

Proba guztien batura aintzat hartuta, Atletico San Sebastian taldea laugarren sailkatu da Espainiako txapelketan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide