Txikia IV.ak Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalerako txartela lortu du

Mailo Oiarzabal

Julen Alberdi Txikia IV.a lanean, atzo, Etxebarrin. (Ibon Errazu)

Azkoitiarrak bigarren denbora onena egin zuen atzo Etxebarrin jokatutako sailkapen kanporaketan, Iker Vicenteren atzetik. Azaroaren 22an izango da finala, Zumarragan.

Atzo jokatu zuten, Etxebarrin (Bizkaia), 2026ko Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa Nagusirako sailkapen kanporaketa. Bi txandatan banatuta, 11 aizkolari lehiatu ziren finalerako sei tokien bila, eta bigarren denbora onena eginda, finalerako sailkatu zen Julen Alberdi Txikia IV.a).

Lehen txandan aritu zen azkoitiarra, Iker Vicenterekin, Hodei Ezpeletarekin, Eneko Otañorekin, Mikel Larrañagarekin eta Julen Gabirondorekin batera. Vicente, egungo txapelduna, izan zen kanporaketako guztien artean lanak bukatzen azkarrena (17.07), eta haren atzetik sailkatu zen, zazpi segundora, Txikia IV.a (17.14).

Lehen txanda horretatik irten ziren, hain zuzen ere, azaroaren 22an Zumarragan (Gipuzkoa) jokatuko den finalean lehiatuko diren sei aizkolarietatik lau. Ezpeletak egin zuen hirugarren denbora onena (18.05), eta Otañok laugarrena (18.17). Beste bi finalistak bigarren txandan aritu ziren: Arkaitz Etxebesterena izan zen bosgarren marka onena (18.53), eta seigarrena, berriz, Ibai Soroarena (19.09).

Iazko finalean hirugarren izan zen Mikel Larrañaga azpeitiarra finaletik kanpo gelditu da aurten, eta atzo azken bi tokietan gelditu ziren Julen Gabirondok eta Julen Kañamaresek, berriz, maila galdu dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide