Maitasun handiz agurtu dute Gasento Oñederra

Onintza Lete Arrieta

Hainbat lagun bizikletaz joan da Azkoititik Zumaiara han lore eskaintza egiteko orain hilabete zendu zen azkoitiarrari. Bueltakoan, zain zuten mokadua Azkoitiko plazan. Oñederraren etxekoie lore sorta eskaini die Azkoitiko Udalak, eta elkarrekin bazkalduz amaituko dute omenaldia. 

Gasento Oñederra txirrindulari ohi azkoitiarra omendu dute gaur haren lagunek. Orain hilabete hil zen, irailaren 25ean, eta hura oroitzeko ideia polita izan dute: Azkoititik Zumaiara bizikleta buelta egitea, eta han, Talaipe parean, lore eskaintza. Izan ere, Zumaian hasi zuen txirrindulari ibilbidea Oñederrak, Talaipe taldean, eta harreman handia zuen zumaiarrekin. Oñederra txirrindulari profesionala izatera ailegatu zen; hiru urtez korritu zuen goreneko mailan. 1987 eta 1988 urteetan, Fagorreko taldekidea izan zen, eta 1989an, Helios-Colchon CR taldekoa.

Goiz hasi da omenaldia: 10:00etan Azkoitiko plazatik abiatu dira Zumaiarantz, batzuk errepidez, eta beste batzuk, bidegorritik. Zumaian, Oñederra ez ezik, "bidean galdutako" jende ugari izan dute gogoan, hala nola Pello Elorza, Jokin Ormaetxea eta Jose Antonio Oñederra. Ormaetxearen senitartekoak, esaterako, hantxe izan dira. 

Jende mordoxka elkartu da Talaipe parean 11:30erako, tartean bi herrietako txirrindulariak eta elkarteetako ordezkariak, eta Arritxu Iribarrek haren ibilbidea laburbildu du, baita hainbat anekdota kontatu ere. Une batzuetan entzuleak hunkituta egon diren arren, irribarrerik ere ez da falta izan: "Behin, proba bat amaitu, eta Gasento ageri ez. Non zen arrastorik ez, orduan ez baitzen GPSrik eta halako gailurik. Ordu erdi batera han agertu zen, mailota melokotoiz beteta alde guztietatik. Errieta egin zioten, eta berak: 'Talde osoarentzat melokotoiak ekarri, eta gainera errieta?' Onena zen, beti zegoen laguntzeko eta emateko", esan du Iribarrek. 

Lore sorta eta krabelinak uretara bota aurretik, bertso ederra eskaini dio Xabier Euzkitzek.

Azkoitira itzulita, Oñederra eta gainerako herrikideak gogoratzen jarraitu dute. Hainbat txirrindulari maillotekin eta ikurrinarekin apaindutako plazako arkupeetan zain zuten mokadua bizikletazaleek eta ekitaldiarekin bat egin duten herritarek. Zumaian Euzkitzek bezala, Azkoitian Jokin Sudupek kantatu ditu bi bertso, Oñederra, Ormaetxea eta besteak gogoan hartuta. Oñederraren etxekoie lore sorta eskaini die Azkoitiko Udalak Ana Azkoitia alkatearen eskutik, eta Plaza Ondo jubilatuen elkartearen tabernan bazkaltzeko elkartu dira gero. 80 lagunentzako mahaiak prest zituzten han, baita hainbat argazki eta oroigarri ere, Oñederra eta besteak hasieratik bukaeraraino gogoan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide