Urria amaitzeko, beste bi hitzordu prestatu ditu Anaitasunak

Ane Olaizola

Murumendi mendia; hara joango dira mendizaleak hilaren 31n. (Mendiak.net)

Mamen Etxaniz mendizale azpeitiarrak Pirinioak zeharkatzen dituen GH10 ibilbidearen zeharkaldia kontatuko du hilaren 30n, eta hurrengo egunean, Beizama aldera joko dute mendizaleek, 16 kilometroko mendi buelta egiteko. 

Anaitasuna mendi bazkunak bi ekintza antolatu ditu datozen egunetarako: batetik, Mamen Etxaniz mendizale azpeitiarrak hitzaldia eskainiko du hilaren 30ean, eta biharamunean, Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruko mendi irteera izango da. 

Etxanizek bere bizipenak azalduko ditu ostiralean Elkargunean emango duen solasaldian (18:00). Hain zuzen, Pirinioak zeharkatzen dituen GH10 ibilbidea gauzatu zuen 45 egunetan, eta zeharkaldi hori izango du hizpide hark Azkoitiko saioan. 

Bestetik, Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruan Beizamara joango dira mendizaleak hilaren 31n, eta han inguruko mendietan ibiliko dira; besteak beste, Murumendi eta Santa Ageda mendiak igoko dituzte Beizaman hasi eta amaituko duten ibilaldian. Guztira, 16 kilometroko eta 600 metroko desnibela duen ibilbidea izango da.

Egun horretan, 07:30ean abiatuko dira liburutegi ondoko autobus geralekutik, eta  hara joateko izena eman daiteke hilaren 30era bitartean, lehenago leku guztiak betetzen ez badira. Anaitasunako bazkideek bost euro ordainduko dute, eta gainontzekoek 10 euro. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide