Gau Beltza ospatzeko, hiru eguneko egitaraua prestatu du Euskara Mahaiak

Andoni Elduaien

Herritar batzuek dagoeneko prest dituzte Gau Beltzerako mozorroak. (Euskara Mahaia)

Gau Beltzaren bueltan "indarra hartzen ari diren kontsumo ohiturei alternatiba" eskaini nahian, hiru eguneko egitaraua antolatu du Azkoitiko Euskara Mahaiak hil honen azken hiru egunetarako. Mozorroak egiteko eta kalabazak husteko tailerra, mozorro kalejira eta ipuin kontaketa egingo dituzte, besteak beste.

Azkoitian Gau Beltza ospatzeko saiakera egin nahi izan du aurten Euskara Mahaiak, eta hil honen 29rako, 30erako eta 31rako hainbat ekintza prestatu ditu. "Gau Beltza edo Arimen Gaua antzinako tradizioen arabera berrinterpretatzeko ahalegina egin dugu aurten Euskara Mahaitik". Egun horren bueltan "indarra hartzen ari diren kontsumo ohiturei alternatiba" eskaini nahi izan dio Azkoitiko Euskara Mahaiak, eta horretarako, herriko zein Euskal Herriko hainbat txokotan antolatzen diren ospakizunei erreparatu diote.

Eguna antolatzeko, herriko eragileek eta gurasoek "indarrak batu" dituzte, eta horri esker, hiru eguneko egitaraua prestatu dute. "Lehenengoz, urriaren 31koa euskal tradizioan oinarritutako ospakizun eguna izango da Azkoitian. Gau Beltza berrinterpretatzeko nahiak eta euskal tradizioan, historian zein hizkuntzan oinarritutako Arimen Gaua ospatzeko gogoak elkartu gaitu. Hori hala, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, egitarau xumea osatu dugu Azkoitiko lehenengo Gau Beltzerako. Aurtengoak erakutsiko digu hurrengoetarako bidea, baina espero dugu lehenengoa eta azkena ez izatea".

Urriaren 29an eta 30ean, ostegunez eta ostiralez, Gau Beltzerako mozorroa egiteko eta kalabazak husteko tailerra eskainiko dute Berdura Plazan, 17:30etik 19:30era bitartean. Antolatzaileek azaldu dutenez, 5-7 urte bitarteko haurrak helduek lagunduta joan beharko dute hitzordu horretara. Gainera, mozorroa prestatu ahal izateko, parte hartzaileei eskatu diete oihal edo izara zuria eramateko saiora. Kalabazak, berriz, antolatzaileek eramango dituzte. Tailerretan parte hartu ahal izateko, honako lotura honetan eman beharko da izena.

Gau Beltzean, berriz, hitzordu bat baino gehiago egingo dituzte herrian. 18:15ean, kalejira egingo dute mozorrotuta estali gabeko igerilekuen alboan dagoen Ugarteigaran baserriaren paretik Berdura Plazara arte. Bizkargi musika eta dantza eskolako pandero jotzaileak izango dituzte bidelagun. 19:00etan, berriz, Josune Gorostegik ipuin kontaketa egingo du, eta haren kontakizuna amaitzean, gaztainak banatuko dituzte. Egitaraua beldurrak sutara botata itxiko dute.

"Tradizioa duen jaia"

Urriaren 6an egin zuten Gau Beltzerako giroa berotzen hasteko lehen saioa Azkoitian. Egun horretan Josu Ozaita antropologoak Gau Beltza ez da Halloween hitzaldia eskaini zuen Elkargunean. "Gaian kokatzen hasteko lehen hitzordua izan zen. Gau Beltza edo Arimen Gaua Euskal Herrian tradizioa duen jaia dela jakin ahal izan genuen. Gure arbasoentzat data esanguratsua zen urriaren amaiera, neguaren etorrera sinbolizatzen baitzuen, eta baserritarrek uzta ematen zuen lurrari atseden hartzen uzten baitzioten hainbat errituren bidez. Ondoren, udaberrian, berriro esnatzen zuten ama lurra, aski ezagunak ditugun Santa Agedako makila kolpeekin edota inauterien etorrerarekin", adierazi du Euskara Mahaiak.

Horrez gain, Gau Beltzaren antolatzaileek adierazi dute Gau Beltza hildako senideak eta hurbilekoak oroitzeko gaua ere badela Euskal Herrian, eta umeentzat zein gazteentzat "bihurrikeriak" egitekoa. Arbasoek Gau Beltzaren bueltan zer egiten zuten jakinarazi dute Euskara Mahaikoek: "Kalabazak edo arbiak hustu, haiei aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen ziren, bizilagunak beldurtzeko edota hildakoen arimei bidea erakusteko".

Hori hala, hiru egunetako egitaraua antolatu dute Azkoitian ere Gau Beltza euskal errituaren ikuspegitik ospatzeko. Hona hemen egitaraua, osorik: 

Urriak 29, osteguna, eta urriak 30, ostirala:

  • 17:30-19:30. Gau Beltzerako mozorroa egiteko eta kalabazak husteko tailerra, Berdura Plazan, 5-12 urteko umeentzat.

Urriak 31, larunbata, Gau Beltza:

  • 18:15. Kalejira Ugarteigaran baserritik (estali gabeko igerilekuaren ondoan) Berdura plazara mozorrotuta, Bizkargi musika eskolako panderojoleekin.
  • 19:00. Ipuin kontaketa Berdura plazan, Josune Gorostegiren eskutik.
  • Ondoren, gaztaina banaketa eta beldurrak sutara.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide