Baztartxo antzokian hiru film eskainiko dituzte datorren igandetik asteartera bitartean. Helduei zuzendutako filmen artean, Inurri itsuak eta Backrooms filma emango dituzte, eta haurrentzat, La Patrulla Canina: La dino película filma.
Igandeko 17:00etan hasita eskainiko dute La Patrulla Canina: La dino película filma, eta haren ondoren, 19:30ean, emango dute aurrenekoz Inurri itsuak filma. Astelehenean, ikuslearen egunean, emango dute bigarrengoz film hori (20:00). Asteartean, bestalde, Matadeixe Zinetogram taldeak antolatuta, Backrooms filmaren zineforum saioa izango da, 20:00etan.
Inurri itsuak filma duela egun gutxi estreinatu dute. 1935. urtean eta Bizkaian dago kokatuta filma. Denborale gogor baten ondorioz, barruan ikatz tonak dituen itsasontzi ingeles batek hondoa joko du. Gauean, Algortako (Bizkaia) herritarrak kostaldean pilatuko dira urre beltza bereganatzeko. Sabas Jauregik gertakari hura zortez jazo dela usteko du; ordea, Josefa bere emazteak, zantzu txar bat dela iritziko dio. Emaztearen erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek ekaitz bortitzera eramango ditu bere seme-alabak. Haiek edozer egiteko prest azalduko dira familia salba dezakeen ikatza babesteko, edota hura betiko kondenatzeko.
Backrooms filmean, bestalde, altzari denda bateko ate arraro baten aurkikuntzak asaldatuko ditu protagonistak. Terapeuta baten bezero baten desagertzearen ondoren, hark ezezaguna den ate hori gainditu beharko du bezeroa erreskatatzeko.
Umeentzako La Patrulla Canina: La dino película filmak ere, Inurri itsuak filmean bezala, ekaitz baten ondorioz kateatuta gelditu den itsasontzi baten kontuak azalduko ditu. Itsasontzi hori libratzeko, Patrulla Canina taldeak dinosauroz beteta dagoen eta ezezaguna den isla tropikal batera joko du.