Etxetik kanpo, garaipena gizonek eta porrota emakumeek

Andoni Elduaien

Anaitasunako gizonak gol bat ospatzen. (Anaitasuna)

Anaitasunaren gizonen taldea bolada bikainean da, eta pixkanaka-pixkanaka gora egiten ari da sailkapenean. Emakumeek, berriz, ez zuten sailkapenaren goiko postuak estutu ahal zitzakeen garaipenik lortu Intxaurdiren aurka. 

Anaitasunaren lehen bi talde nagusiek futbolaren bi aldeak ezagutu dituzte asteburuan. Gizonen taldeak maila ezin hobean jarraitzen du, zapatu arratsaldean ordura arte sailkapeneko liderra zen Beasain B taldearen zelaian 2-3 irabazi zuen eta. Emakumeen taldeak, berriz, ez zuen lortu Donostian markagailuan aurrea hartu eta gero, hari eustea; 6-2 galdu zuten gorritxoek Intxaurdiren aurka. 

Gizonek seigarren jardunaldiko lehia jokatu zuten Beasaingo (Gipuzkoa) Loinaz zelaian, baina Loren Barbadoren taldearentzat ligako bosgarrena izan zen, Espainiako Errege Kopak eraginda, jokatzeko baitu oraindik Bergararen aurkako lehia. Pare-pareko neurketa jokatu zuten Beasainek eta Anaitasunak, baina Anaitasunak bezala, etxeko taldeak ere izan zituzten gola egiteko aukerak. Nolanahi ere, Anaitasunak lortu zuen markagailuan aurrea hartzea. Aimar Guemberen baloia area barrura erdiratuta, Jakes Diaz aurrelariak egin zuen Anaitasunaren arratsaldeko lehen gola, 37. minutuan. Gol horri esker, gorritxoek aurretik hartu zuten atsedenaldian aldageletarako bidea. 

Atsedenalditik bueltan, Beasaingoek azkar lortu zuen lehia berdintzea, 50. minutuan. Ordea, gol horrek ez zuen minik eragin taldean, eta Barbadorenek ezin hobeto erreakzionatu zuten. Minutu gutxian bi gol egin zituen Anaitasunak. 55. minutuan, berriz ere Jakes Diazek jarri zuen bere taldea aurretik, eta 64. minutuan, Ekai Sudupek egin zuen gorritxoen hirugarren gola, Carlos Juaristik emandako pasea baliatuta. Sudupek bere lehen gola lortu zuen lehen taldearekin.

Emaitza horrekin eroso zeuden Barbadorenenak zelaian, eta handik amaierara bitartean emaitza babestera mugatu ziren haren gizonak, defentsako oinarriak sendotuta. Beasaingoek ez zuten jokoaren bidez ezer handirik erakutsi berdegunean, baina 83. minutuan geldikako jokaldi batean, korner batean, murriztu zuten aldea. Emaitza horrekin, Beasainek estutu egin zuen Anaitasuna azken minutuetan, eta gogotik egin behar izan zuten lan emaitzari eusteko. 

Beasainen lortutako hiru puntu horiei esker, Anaitasunak 12 puntu ditu, eta gaur-gaurkoz, laugarrena da sailkapenean, partida bat gutxiago jokatuta. Zarautz da egungo liderra, 14 punturekin, eta haren atzetik daude, hurrenez hurren, Beasain B eta Tolosa, biak 13 punturekin. Datorren zapatuan, 17:00etan, Ordizia jasoko dute Barbadorenek, Txerloian. 

Porrota Donostian

Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak zuzendutako emakumeen taldeak, bestalde, 6-2 galdu zuen zapatuan Intxaurdiren aurka, Donostiako Cesar Benito zelaian. Sailkapenean goiko postuetan dabilen taldearen aurka neurtu zituen indarrak Anaitasunak, eta gorritxoentzat partida ondo hasi bazen ere, atsedenaldiaren aurretik trakestu zitzaien haiei norgehiagoka.

Anaitasunak ondo ekin zion partidari, aurreneko minutuan egin baitzuen Leire Uzinek huts eta batekoaren gola, buruz. Baloia ondo mugituz ari zen Orueren taldea berdegunean, eta zelai erdiko baloi jabetzaren esku ere egin zen. Aurreneko 35 minutuetan Intxaurdik ez zion Anaitasunari arriskurik sortu, baina handik atsedenaldira bitartean hiru gol egin zituzten Donostiakoek; hiru aldiz iritsi zen etxeko taldea Eider Barrenaren atera, eta hiru gol egin zituen. 

Atsedenaldiaren ondoren, suspertzea izan zuten xede gorritxoek, eta izan zituzten markagailuko errenta txikitzeko abaguneak. Ate aurrean behin baino gehiagotan barkatu zuten Oruerenek, baina ez Donostiakoek, 65. minuturako beste bi gol egin zituzten-eta Intxaurdikoek. Dena den, Anaitasunak 70. minutuan egin zuen bere bigarren gola, Ane Zulaikak area ertzeko jaurtiketa batean baloia sareetara bidali baitzuen. Itxaropen puntu bat piztu zuen gol horrek gorritxoen artean, baina etxekoek segituan zapuztu zituzten haien asmoak, neurketako seigarren eta azken gola eginda.

Nahiz eta markagailuak bi taldeen artean alde handia erakutsi, gorritxoek oso ondo eta jarrera onarekin jokatu zuten Intxaurdiren aurkako partida. Datorren zapatuan jokatuko du Anaitasunak ligako seigarren jardunaldiko partida San Juan zelaian, eta orduan sailkapeneko beheko postuetan dagoen Lakua Vitoria-Gasteiz taldea izango du aurrean (17:30).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide