Garaipenaren poza eta porrotaren atsekabea ezagutu ditu asteburuan Iraurgi Saskibaloia. Emakumeen Domusa Teknik taldeak 74-51 menderatu zuen Valentzia Basket, ostiralean, Azpeitiko kiroldegian, eta hala, sasoiko lehen garaipena eskuratu zuen Asier Larrañaga entrenatzaileak zuzendutako taldeak. Kontrara, gizonen Biele ISBk irabazi ezinda jarraitzen du; hirugarren porrota kateatu zuen jarraian Gorka Atxalandabasoren taldeak atzo, igandea, CB Zaragozaren kantxan (92-73).
ISBko emakumeek hasiera-hasieratik hartu zuten mendean Valentziako taldea. Lehen laurdenean ireki zuen markagailuan aurreneko tartea, lehen hamar minutuak jokatu eta gero 19-13 baitzen aurretik Azkoiti-Azpeitiko taldea. Atsedenaldiaren aurretik, baina Valentzia Basket esnatu egin zen, eta sei puntuko alde hori laura murriztu zuen.
Aldageletatik bueltan txikitu zuen Domusa Teknik ISBk Valentzia Basket. Gainera, Geraldynn Leaupepek unerik estuenetan garaipenerako bidea zabaltzen lagundu zion taldeari, hiruko saskiratze erabakigarriak lortuta. 23-4 partzialari esker, eta bereziki, erreboteak pilatzen egindako lanari esker, Domusa Teknik ISBk garaipena bideratzea lortu zuen.
Sasoiko lehen garaipena eskuratuta lortu du Larrañagaren taldeak liga hasiera korapilatzen ari zen sarea haustea. Lesila Kefu Finau izan zen taldeko saskiratzaile nagusia, hamabi puntu eskuratuta. Ordea, taldeko onena Mame Khoudia Fall izan zen, hamazazpi puntuko balorazioa eskuratuta.

Hirugarrenean ere ezin
Gizonen Biele ISB taldeak, bestalde, denboraldiko lehen garaipena eskuratu ezinda jarraitzen du. Atzo, igandea, Zaragozan jokatu zuen Gorka Atxalandabasok zuzendutako taldeak, eta porrot gogorra jaso zuen (92-73). CB Zaragoza taldeak atsedenaldirako kasik erabakita utzi zuen partida.
Denboraldiko lehen bi partidak irabazita zegoen CB Zaragoza, Biele ISBren aurkaria; sailkapeneko buruari eustea zuen jokoan etxeko taldeak, eta ez zuen hutsik egin bere zaleen aurrean. Nagusitasun osoz aritu ziren kantxan etxekoak: defentsan intentsitate handia erakutsi zuten, eta erasoan, baloia zentzuz mugitu. Lehen laurdena 29-13 amaitu zen etxeko taldearen alde, eta bigarren laurdenean aurreneko hamar minutuei jarraipena eman zioten Zaragozakoek. Hala, 47-24 emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeetako ordezkariek.
Emaitza hori ikusita, ezer gutxi zuen egiteko Biele ISBk. Atxalandabasoren taldeak, baina, lehen zatian baino zantzu hobeak erakutsi zituen bigarrenean. Erasoan emankorrago aritu ziren otsoak, eta gutxienez, aurkaria baino gehiago izateko gaitasuna erakutsi zuten, puntuei dagokionean. Nolanahi ere, saskiratze trukaketa betean murgildu zen partida hirugarren laurdenean, eta hala, 73-48 amaitu zen laurdena. Partida ebatzita, Biele ISBk azken laurdenean lortu zuen markagailuko aldea murriztea, baina inoiz ez zuen etxekoen garaipena zapuzteko imintziorik egin. Azkenean, 92-73 amaitu zen lehia.
Lamine Babo Badji izan zen taldeko onena, bederatzi puntu saskiratuta eta hamalau puntuko balorazioa eskuratuta. Datorren asteburuan, igandean jokatuko dute otsoek ligako laugarren partida. Lehia horretan saiatuko dira Atxalandabasorenak sasoiko lehen garaipena lortzen, Sol Girones Bisbal Basquet taldearen aurka. Partida igandeko 18:00etan hasiko da, Azpeitiko kiroldegian.