Itaiak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Azkoitian, 2026ko seigarren hilketa matxista salatzeko. Hain zuzen, atzo jakin zen irailean 19 urteko neska batek bere buruaz beste egin zuela Angelun (Lapurdi) gizon batek bortxatu ondoren. Aurrez, salaketa jarrita zuen emakumeak gertakari horrengatik. Atzo plazaratu zen informazioa, Baionako Auzitegian erasotzailea auzipetu ostean.
"Emakumeon aurkako indarkeria gogortzen ari da, eta bereziki gordina izaten ari da Frantziako Estatuan", adierazi du Itaiak. Egoera zein gordina den azaltzeko hainbat datu eman ditu emakumeen antolakunde sozialistak: "Hilabete honetan salatu dugun moduan, bi minutuero, emakume bat sexualki erasotua edo bortxatua izaten ari da eta hiru minutuero adingabe bat". Horrez gain, Itaiaren hitzetan, "azken erailketak agerian uzten du indarkeria matxistak emakumeen bizitzetan dituen ondorio larriak, zaurgarritasun egoera sakonenean uzten baititu".
Hori dela eta, indarkeria jasan duten emakumeak babestearen garrantzia aldarrikatu dute: "Behin eta berriz errepikatzen dugu zeinen garrantzitsua den indarkeria matxista jasan duten emakumeak defendatzea eta haiek babesteko baldintza errealak bermatzea". Bide horretan lanean jarraitzeko prestutasuna agertu du Itaiak, "emakumeek haien bizitzekin aurrera egin dezaten, beharrezkoak dituzten babes neurrien eta kalitatezko bizi baldintzen alde borrokan".
Aldi berean, erasotzaileen inpunitateari aurre egitera deitu dute. "Ez gaitezen besoak gurutzatuta gelditu. Inoiz baino beharrezkoagoa da matxismoaren aurkako jarrera kalean zabaltzea eta mobilizatzea. Segi dezagun matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eratzen", esanez borobildu dute kontzentrazioa.
