Elosua auzoan binakako esku pilota txapelketa azkarra ari dira jokatzen gaur, zapatua. Auzo horretako Elur-Mendi elkarteak antolatuta, bigarren urtez ari dira jokatzen txapelketa. Aurten, gainera, iaz baino zortzi bikote gehiago ari dira lehian, guztira, 36 bikotek eman baitute izena txapelketan; 32 bikote gizonenak dira, eta lau, emakumeenak.
Goizean goiz hasita, etenik gabe ari dira pilotan auzoko pilotalekuan. 07:30 inguruan hasi dituzte lehiak, eta orduz geroztik partida bat bestearen atzetik ari dira jokatzen. Parte hartzaileek multzotan banatuta ekin diote txapelketari; izan ere, multzokako fasean bikote guztiek beren artean jokatu beharko dituzte partidak. Onenek lortuko dute final zortzirenetara sailkatzea, eta hortik aurrera, final laurdenetako eta finalerdietako kanporaketak jokatu beharko dituzte. 20:00etarako espero dute antolatzaileek txapelketa amaituta izatea.
Partida bakoitzeko hamar minutuko txanda dute pilotariek; bi minutu dituzte beroketa ariketak egiteko, eta beste zortzi minutu, jokatzeko. Hori horrela, bizi-bizi doa txapelketa, eta pilotazaleek partida desberdin ugari ikusteko aukera dute. Lehi guztiak hamabi tantora jokatuko badituzte ere, zortzi minutu jokatu eta lehia berdinduta badago, puntu bana emango diete bikoteei. Aldiz, bi puntu jasoko ditu hamabi tantora heltzen den bikoteak edo zortzi minutu horiek amaitzean aurretik doanak.
Eguerdian, iaz bezala, bazkaltzeko elkartuko dira pilotari guztiak, eta atzera lehiari helduko diote bazkalostean.