Hasi dute Elkargunean puzzlearen festa

Andoni Elduaien

33 lagunek parte hartu dute goizeko saioan. Arratsaldean jokatuko dute txapelketaren bigarren erdia, binakako modalitatekoa. 44 bikote arituko dira 17:00etatik aurrera lehian. 

Azkoitiko Elkarguneko Herriko Plaza aretoa puzzle zaleen bilgune nagusi bihurtu da, han ari baitira jokatzen Azkoitiko I. Puzzle Txapelketa. Iñigo Gorritxo eta Nerea Soraluze azkoitiarrek sustatuta, Aepuzz Espainiako Puzzle Elkartearen eta Udalaren laguntzaz, harrera bikaina herrian jokatu duten gisa horretako aurreneko txapelketak.

11:00etan ekin diote lehiari banakako modalitatean izena emandako 33 parte hartzaileek. Lehiakideek mahai gainean jarritako 500 piezako puzzlea osatu behar izan dute. Horretarako, bi ordu eta erdiko denbora izan dute partaideek, eta kontzentrazio nahiz isiltasun handiarekin aritu dira denak. Guztietan azkarrena Nerea Rodriguez (01.05.09), Lara Perez sailkatu da bigarren (01.08.52) eta Sonia Alonso hirugarrena (01.11.25). Azkoitiarren artean, berriz, Elisabete Juaristi nagusitu da (01.47.35).

Hainbat lagun eta kurioso sartu dira aretora, txapelketaren nondik norakoak gertutik ezagutzera, eta horien guztien artean izan da lehendakaria izan zen Juan Jose Ibarretxe; etxeko bati laguntzera joan da hura. 

Goizeko lehiaketa amaituta, arratsaldean jarraituko du txapelketak. 17:00etatik aurrera, binakako saioa jokatuko dute areto berean. Guztira, 44 bikotek parte hartuko dute. Txapelketaren amaieran, 19:00 aldera, jakinaraziko dituzte antolatzaileek binakako irabazleen eta herriko lehen sailkatuen izenak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide