Aneto eta Maladeta arteko bizipenak kontatu ditu Jonatan Garcia alpinistak Elkargunean

Andoni Elduaien

Garcia, azalpenak ematen. (Anaitasuna MB)

Barakaldoko alpinistak 51 hiru milako egin zituen Maladeta eta Aneto mendien artean, eta erronka horri buruzko gorabeherak azaldu zituen hainbat lagunen aurrean. Gaur, Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruko irteera egingo dute, Izarraitz mendikateko urpeko urak ezagutzeko.

Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta, Elkargunean izan zen atzo Jonatan Garcia alpinista barakaldarra. Benasqueko haranean (Espainia) bizi da hura, eta Pirinioetan zein munduko mendilerro handietan egindako erronka azkarrengatik eta bide irekitzeengatik da ezaguna. 

Atzo, Aneto-Maladeta 51 x 3.000 izeneko hitzaldia eskaini zuen Garciak. Barakaldoko alpinistak 51 hiru milako egin zituen Maladeta eta Aneto mendietan. Benasquetik (Espainia) abiatuta eta han bertan amaituta, 34 orduan egin zituen 51 igoera horiek, eta hain justu, orduan bizitako esperientziak azalduko ditu. Erronka horretan bizitako bizipenak-eta kontatu zituen Garciak, Elkarguneko Herriko Plaza aretoa bete zutenen aurrean.

Gaur, berriz, Urola Bizirik natur taldeak eta Anaitasunak elkarrekin antolatuta, Izarraitz mendikateko urpeko urak ezagutzeko mendi ibilaldia egingo dute. Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruan egingo dute irteera, eta Inma Mugertza hidrologian aditua denak zuzenduko du; izan ere, Izarraizko karsta nahiz ur azpiko uren garrantzia nahiz funtzionamendua zein diren azalduko du hark gaur. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide