Matadero Ekintzak taldeak antolatuta, udazkeneko Bebarruko Jardunek egitasmoa hasiko dute bihar, zapatua, Matadeixen. Abendura bitartean, hainbat hitzordu antolatu dituzte Matadero Ekintzakoek, hala nola kontzertuak, aurkezpenak eta hitzaldia.
Bihar, urriak 17, Sinte Eguna ospatuko dute Azpeitiko Dinamoa sormen gunearekin elkarlanean. Aurrena, Azpeitian egingo dituzte ekintzak, eta 22:00etatik aurrera, Matadeixen. Azken asteetan, sintetizadoreekin trebatzeko saioak eskaini dituzte Dinamoa sormen gunean, eta hitzordu horietan parte hartu duten kideek zein beste zenbait gonbidatuk Matadeixen borobilduko dute eguna.
Hilaren 24an, berriz, Adur eta BKTS musika taldeen kontzertuak izango dira Matadeixen. Adur Bilboko musika taldea da, Naroa Esturok eta Xabier Aguadok osatua. Beren burua euskal folk rave punk talde gisa definitzen dute, euskal folklorea eta doinu tradizionalak rave eta punk elektroniko modernoarekin uztartzen baitituzte haiek. Esturok eta Aguadok Punk
Akauzazte, eta gehiago
Azarorako bi hitzordu lotu dituzte Matadero Ekintzakoek. Hil horren 14an, etxeko bi musika taldek eskainiko dituzte kontertuak: Akauzaztek eta Ustelek (22:00). Akauzazte 1992an sortu zen Matadeixen bertan, eta rock esperimentala eta undergrounda uztartuz ondutako proiektuekin egin zen ezaguna Euskal Herriko musika eszenan. Bide propioa eta independentea jorratu du Azkoitiko taldeak, beren soinua euskal folklorearen ilunpearekin, musika industrialarekin, lo-fi noise gordinarekin eta giro zakarrarekin uztartuz. Ustelek ere eskainiko du kontzertua egun horretan. 2022. urtearen amaieran sortutako musika talde undergrounda da hura, eta goregrind zein grindcore estiloko soinu gordinak eta bortitzak eskaini ohi ditu taldeak. 8 euroan salduko dituzte sarrerak.
Dena den, egun horretan, Akauzazteren azken proiektua ere aurkeztuko dute jendaurrean (19:00). Azkoitiko musika taldeak liburu bat eta Luzokertzarrak izeneko kasete formatuko lan berria (Eclectic Reactions Records) aurkeztuko ditu Matadeixen. Iñigo Basagurenek idatzi du liburua, Adrian Romerok egin du maketazioa eta Antton Iturbek hitzaurrea.
The Ex taldeak ere joko du Matadeixen, baina haren zaleek azaroaren 24ra arte itxaron beharko dute (20:30). Amsterdam inguruan sortu zen talde hori, 1979. urtean. Okupazio mugimendutik abiatuta, beren ibilbide luzean anarcho-punk eta post-punk gordinetik soinu esperimentalagoetara egin dute jauzia, inprobisazioa, free jazza eta munduko musika desberdinak maisuki txertatzeraino. Gaur egun ere sormen handiarekin jarraitzen du taldeak: If Your Mirror Breaks disko berria kaleratu zuten iaz, eta nazioarteko birak eginez jarraitzen dute. 10 euro balioko dute Hebeheretako musikarien emanaldirako sarrerek.
Abenduaren 20an amaituko dira aurtengo udazkeneko Bebarruko Jardunek. Egun horretan, Layla Martinez idazle eta politologo madrildarrak Historia política del terror izeneko hitzaldia eskainiko du Matadeixen. Izenburu horrek Martinezek eskaini ohi dituen hitzaldi, tailer eta ikastaro monografikoen multzoari egiten dio erreferentzia. Fikziozko beldurra eta beldurrezko generoa gizartearen zapalkuntza politikoa eta ekonomikoa aztertzeko tresna gisa erabili ohi du Martinezek bere saioetan, eta Matadeixen eskainiko duen hitzaldian ere bide horretatik joko du.