Organo Erromantikoaren Nazioarteko 27. Zikloak aurrera jarraitzen du Azkoitian, Loiolan zein Bergaran, eta datorren asteburuan hirugarren kontzertua izango da Andre Mariaren Jasokundearen parrokian. Biharkoan, Erwan Le Prado organista frantsesa izango da Azkoitiko Cavaille-Coll organoan, 20:00etan hasiko den doako emanaldian.
Hasiera batean, Stephen Tharp organista zen bihar Azkoitian kontzertua ematekoa, baina arazo pertsonalek eraginda emanaldi guztiak bertan behera utzi ditu musikariak, eta horrenbestez, Le Pradok ordezkatuko du hura.
Frantziako Caen hiriko kontserbatorioan hasi zen hura organoa ikasten, eta Parisen jarraitu zituen ikasketak, Pierre Pincemaille eta Andre Isoir organistekin eta pedagogoekin. 15 urterekin, Parisko Goi Mailako musika eta dantza kontserbatorioan hartu zuten, eta han, Michel Chapuisekin eta Olivier Latryrekin ikasi zuen. Nazioarteko hainbat sari irabazi ditu organistak, eta Frantzian ez ezik, Europa osoan eskaini ditu kontzertuak. Ibilbidea, berriz, batez ere Japonian, AEBetan eta Afrika hegoaldean gauzatu du.