Anaitasunak eta Alavesek Espainiako Errege Kopan jokatu beharreko lehen kanporaketa gero eta gertuago dago. Gorritxoek eta babazorroek hilaren 28an, asteazkenez, Txerloian neurtuko dituzte indarrak (19:00), eta lehia horren atarian, Azkoitiko futbol taldea "buru-belarri" ari da lanean.
Espainiako Futbol Federazioak ezarritako segurtasun neurriak direla eta, Anaitasunaren eta Alavesen arteko partidan jarraitzaileek ezingo dute lehia zutik jarraitu. Hori hala, Anaitasuna behartuta dago jarraitzaile guztiak harmailetara bideratzera. Txerloia futbol zelaiko harmailak 700 lagun hartzeko edukiera du, eta hori horrela izanda, gaur-gaurkoz bi aukera ari da aztertzen Anaitasuna sarreren kontua argitzeko.
Aukeretako bat da Txerloia futbol zelaiaren harmailak egun duen edukiera mantentzea eta sarreren kudeaketa horren arabera egitea. "Klubak egun dituen bazkide kopuruarekin eta klubak dituen konpromisoekin, zelaiaren edukiera bete egingo litzateke", azaldu du Anaitasunako zuzendaritza batzordeak. Hori hala, kasu horretan Anaitasunako bazkide direnei emango die klubak sarrera eskuratzeko lehentasuna. Klubeko jokalari bakoitzak bazkide txartel bat du –alebin mailan dabiltzan 2015. urtean jaiotako neska-mutiletatik gorakoek–, eta bazkide txartel horrekin jokalariak berak edota jokalariaren gurasoetako batek lortu ahal izango du sarrera; jokalariek 10 euro ordaindu beharko dute, eta gurasoek, 20 euro.
Dena den, klubak gainerako bazkideei ere zabalduko die deialdia, eta horiek 20 euroan erosi ahalko dute sarrera. Bazkide horiek aldez aurretik eman beharko dute izena kopako partidarako sarrera eskuratu ahal izateko. Horretarako, Anaitasunak Plazaberriko Arretalekua zabalduko du datorren asteartean eta asteazkenean, hilaren 20an eta 21ean, 18:00etatik 20:00etara. Izena ematearekin batera, bazkideek Arretalekuan ordaindu beharko dute sarrera, nahiz eta klubak aurrerago egingo duen horien banaketa.
Aukera gehiago aztertzen
Anaitasuna futbol taldeak, baina, Txerloia futbol zelaiaren edukiera bikoizteko asmoa ere esku artean du, aparteko harmailak jarrita. Egunotan, lanketa horretan murgilduta dabiltza egun klubeko ordezkariak. "Aparteko harmaila jartzeko izapideak egiten ari da kluba, eta horretarako, segurtasun arloko arduradunekin, Ertzaintzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun saileko Joko eta Ikuskizun arloko ikuskatzailearekin gaude harremanetan. Baldintza ugari betetzea eskatzen digute aparteko harmaila jarri ahal izateko", nabarmendu dute.
Klubak datozen egunetan ere lanketa horretan jarriko du indarra; izan ere, zuzendaritzaren asmoa da datorren astearterako erabakitzea Txerloian 700 lagun gehiago sartuko diren edo ez. Txerloian, guztira, 1.400 jarraitzaile sartzeko modua egiten badu Anaitasunak, jokalariaren bazkide txartel batekin bi lagunek sartu ahal izango dute zelaira, alegia, jokalariak (10 euro) eta haren gurasoetako batek (20 euro). Bestela, harmailaren egungo edukieraren arabera kudeatuko dituzte sarrerak, lehentasuna klubeko komunitateari eta bazkideei emanez.