Holz Und Blech jaialdia apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean ospatuko dute

Andoni Elduaien

Jendea dantzan, iaz, Matadeixen eskaini zuten emanaldietako batean. (Holz Und Blech)

Zuhaitz Urain Zizu zena oroitzea eta omentzea xede duen musika elektronikoa jaialdia 11. aldiz egingo dute 2027an. Antolatzaileek apirilaren azken eguna eta maiatzaren lehena hautatu dituzte datorren urteko jaialdia ospatzeko, eta hitzordurako jaialdia "egosten" ari direla aurreratu dute.

Holz Und Blech musika elektroniko jaialdiaren antolatzaileek iragarri dute datorren urteko hitzordua noiz egingo duten: apirilaren 30ean, ostiralez, eta maiatzaren 1ean, larunbatez, ospatuko dute jaialdiaren 11. aldia.

Urtero moduan, Euskal Herriko nahiz nazioarteko disko jartzaile ezagunek eskainiko dituzte emanaldiak Azkoitian, Zuhaitz Urain Zizu zena oroitzea eta omentzea xede du Holz Und Blech jaialdiaren barruan. Antolatzaile taldea dagoeneko hasita dago datorren urteko jaialdia prestatzen, eta astez aste informazio gehiago emango dute sare sozialen bidez. 

Hain justu, antolatzaileek data iragartzeko kaleratu duten bideoan adierazi dute jaialdia "egosten" ari direla. "Su txikian, gauzek beren denbora behar baitute. Osagai onenak aukeratzeko denbora. Elkarren artean ondo uztartzen direnak eta osagai nagusia zaintzen dutenak: jendea. Dantzatzen duen jendea, dantzarazten duena, muntatzen duena, jasotzen duena, gozatzen duena, alboan dagoena, laguntza eskaintzeko beti tartea aurkitzen duena. Hori guztia posible egiten dutenak. Gogoratzeko zarata egiten jarraitzen dugu. Beti gogoratuko duguna".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide