Elosua auzoan binakako esku pilota txapelketa azkarra jokatuko dute larunbatean. Auzo horretako Elur-Mendi elkarteak antolatu du txapelketa bigarren urtez jarraian, eta iaz bezala, egun berean hasi eta amaituko dute lehia.
Txapelketaren bigarren aldian ere jende ugarik eman du izena, iaz baino zortzi bikote gehiagok, eta antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, nahiz eta emakume gehiagok parte hartzea nahiko luketen. Guztira, 36 bikotek eman dute txapelketan aritzeko izena; lau dira emakumeek osatutakoak, eta 32 gizonenak. 18 urtetik gorako eta federatu gabeko pilotariek parte hartuko dute lehian, eta pilota goxoarekin jokatuko dituzte norgehiagokak.
Luzea eta azkarra
Goizean goiz abiatuko dute txapelketa, 07:30ean entzun eta ikusi ahal izango baitira aurreneko pilotakadak auzoko pilotalekuan. Bikote parte hartzaileek multzotan banatuta ekingo diote txapelketari. Multzokako fasean, multzo bakoitzeko bikote guztiek beren artean jokatuko dituzte partidak, eta onenek final zortzirenetara egingo dute jauzia. Ondoren, final laurdenetako eta finalaurreko kanporaketak jokatuko dituzte, eta arratsaldeko azken orduan, finalak. Hain zuzen ere, 20:00ak arte iraungo du lehiak. Antolatzaileek txapeldunei zein txapeldunordeei emango dizkiete sariak.
Lehiak luze joko du, baina, era berean, bizi joango da. Izan ere, partida bakoitzeko hamar minutuko txanda izango dute pilotariek; bi minutu izango dituzte beroketa ariketak egiteko, eta beste zortzi minutu, jokatzeko. Formatu bereziko txapelketa izango da, puntu banaketa sistema ezarri baitute antolatzaileek. Partida guztiak hamabi tantora jokatuko badituzte ere, zortzi minutu jokatu eta lehia berdinduta badago, puntu bana emango diete bikoteei. Aldiz, bi puntu jasoko ditu hamabi tantora heltzen den bikoteak edo zortzi minutu horiek amaitzean aurretik doanak.
Eguerdian, iaz bezala, bazkaltzeko elkartuko dira pilotari guztiak, eta atzera lehiari helduko diote bazkalostean.