Jon Albizuri 18. postuan sailkatu da Hawaiiko Munduko Ironman txapelketan, 45 eta 49 urte bitartekoen artean

Ane Olaizola

Albizuri, artxiboko irudi batean. (Utzitakoa)

Azkoitri triatloi elkarteko kidea Kona irlan jokatu duten txapelketan lehiatu da beste 1.700 triatleta baino gehiagorekin batera, eta sailkapen orokorrean, 266. postua erdietsi du. Azkoitiarrak bederatzi ordu eta 34 minutu behar izan ditu proba amaitzeko. 

Azkoitri triatloi elkarteko kide Jon Albizuri Hawaiiko Munduko Ironman txapelketan parte hartu du joan den asteburuan, eta bere adin tartean, hau da, 45 eta 49 urte bitarteko gizonen artean, 18. postuan sailkatu da azkoitiarra. Guztira, 1.709 triatletak lortu dute helmugaratzea, eta horietatik, 266. postuan egin du Albizurik, ibilbidea bederatzi ordu eta 34 minututan osatuta. 

Kona irlan jokatu duten txapelketan lehiatu diren kirolariek 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42,2 kilometro korrika egin behar izan dituzte. Azkoitiarrak sare sozialetan adierazi duenez, igerian emaitza "txarra" lortu du, eta ordubete eta zazpi minutu behar izan ditu itsasoan 3,8 kilometro egiteko; txirrindularitzako tartea, berriz, "gogorra" egin zaio psikologikoki, haizea kontra izan duela azalduta. Ostera, maratoi distantzia "txukun" atera zaiola adierazi du, irla horretako baldintzak kontuan hartuta. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide