Gipuzkoako gimnastika erritmikoaren lehia izan da goizean Elkargunean

Ane Olaizola

Gipuzkoako Gimnastika Erritmiko Txapelketa jokatu dute bost taldek: Ipurua, Tolosa, Belabieta, Izar Leku eta Donostia. Guztira, 66 gimnastek parte hartu dute, taldeka zein banaka. 

Gipuzkoako Gimnastika Erritmiko Txapelketa jokatu dute gaur goizean Elkarguneko kantxa nagusian, eta lurraldeko bost talde aritu dira lehian: Ipurua, Tolosa, Belabieta, Izar Leku eta Donostia. Guztira, absolutuen mailako zein harrobiko 66 gimnastak parte hartu dute txapelketan, eta harmailetan bildu diren dozenaka lagunen animopean eskaini dituzte horiek gaurko prestatutako 29 pieza. 

Maila nagusiei dagokienez, aurreneko mailan Tolosako gimnastek jantzi dute urrezko domina, eta haien ondoren sailkatu dira donostiarrak. Seniorretan, berriz, Donostia M taldea izan da txapelduna, eta Donostia F txapeldunordea. Hirugarren, berriz, Izar Leku sailkatu da. 

Infantilen mailan, bestalde, Ipurua nagusitu da, eta haren atzetik, Donostia taldea sailkatu da. Kadeteetan, berriz, Tolosak eraman du urrezko domina. Jubenilen mailan ere Ipurua izan da txapelduna, eta han lehiatu da Nikole Aranbarri azkoitiarra; Tolosa txapeldunordea izan da jubeniletan, eta bi horien atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Belabieta eta Izar Leku. Juniorretan, berriz, talde bakarrak jaso du domina: Ipuruak. 

Norbanakoei dagokienez, berriz, Uxue Garcia alebina Gipuzkoako txapeldun izendatu dute, eta jubeniletan, berriz, Marta Hernandez. Maila horretan, Ane Peredak zilarrezko domina eskuratu du. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide