Ligako bigarren jardunaldiko partidak jokatu dituzte Iraurgiren bi talde nagusiek asteburuan: emakumeen Challenge Ligan ari aritzen den Domusa Teknik ISB taldeak zapatu arratsaldean zuen hitzordua A Coruñan (Galizia), Maristasen aurka lehiatzeko; gizonen Espainiako Bigarren Mailan aritzen den Biele ISBk, berriz, Azpeitiko kiroldegian jokatu zuen atzo arratsaldean Gandiaren konta. Lehen jardunaldiko bi porrotak atzean utzi eta puntuak batzen hastea zen bi taldeen nahia, baina ez dute helbururik lortu, ez batak, ez besteak. Emakumeek 75-52 galdu zuten A Coruñan, eta gizonek, 77-82, etxean.
Asier Larrañagak gidatzen duen taldea indartsu atera zen kantxara, eta lehen laurdena markagailuan aurretik zirela bukatu zuen (15-22). Bigarren (27-7) eta hirugarren (24-10) laurdenetan, ordea, etxekoak izan ziren nagusi, eta aurretik jarri ziren, alde handiz. Azkoiti-Azpeitiko taldea alde hori murrizteko ahaleginetan aritu zen azken minutura arte, eta laugarren laurdenean (9-13) kontrarioek baino puntu gehiago ere poltsikoratu zituen; ez, ordea, markagailua iraultzeko adina. Horrela, 75-52 galduta eta punturik gabe bueltatu ziren etxera.
Domusa Teknik ISB sailkapenaren hamahirugarren lekuan dago uneotan –hamasei talde dira guztira–, punturik gabe. Hirugarren jardunaldiko partida datorren zapatuan jokatuko du, 20:00etan, Azpeitiko kiroldegian, Valencia Basketen kontra.
Gorka Atxalandabasok gidatzen duen taldearen eta Gandiaren kontrako norgehiagoka estuagoa izan zen, eta azken emaitza (77-82) da horren erakusle. Etxekoek ondo hasi zuten lehia, eta lehen laurdena markagailuan aurretik bukatu zuten (27-24). Ez pentsa, hirugarren laurdenean (24-19) eta laugarrenean (17-14) ere Gandiako taldeak baino puntu gehiago eskuratu zituzten, baina ez bigarren laurdenean (9-25) izan zuten beheraldiari buelta emateko adina. Horrenbestez, gutxigatik bada ere, galdu egin zuten partida.
Bigarren jardunaldia bukatuta, eta punturik gabe, sailkapenaren hamargarren lekuan da Azkoiti-Azpeitiko taldea –hamalau talde dira denera–. Emakumeek bezala, gizonek ere datorren asteburuan izango dute liga hasiera kaskarrari buelta emateko hurrengo aukera. Hain zuzen ere, igandean, 12:00etan, jokatuko dute han.