Anaitasuna futbol klubaren gizonen zein emakumeen talde nagusiek garaipen bana eskuratu duten asteburuan. Batak zein besteak etxean jokatu ditu ligako jardunaldiak, eta hiruna puntu eskuratuta, sailkapenaren aurrealdean jarraitzen dute biek ala biek.
Euskal Ligako emakumeek Lakua Arriaga hartu zuten San Juan futbol zelaian larunbatean. Aurreko porrotaren ostean, garaipenaren bila zelairatu zen Iñigo Oruesagastiren taldea, eta horrek bere emaitza izan zuen partidaren hasieratik; izan ere, neurketa zortzigarren minutuan besterik ez zela, Juneren golak 1-0 jarri zuen markagailua, eta hark taldeari emandako errentarekin jokatu zituzten ondorengo minutuak ere. Ordu erdi baino gutxiagora, Zulaikak bigarren gola eman zion Anaitasunari, eta markagailua 2-0 iritsi zela amaitu zen bien norgehiagoka. Zazpi punturekin, sailkapeneko bosgarren postuan da Anaitasuna.
Gizonek, berriz, Txerloian jokatu zuten Ohorezko Erregionalen Mailako partida atzo arratsaldean Elgoibar taldearen aurka. Emaitzei dagokienez, oso bestelako partida izan zen haiena, eta batari zein besteari kosta egin zitzaion aurkariaren atean baloia sartzea. Ordea, partida bere hondarrera iristear zela, Amusek neurketaren aurreneko gola sartzea lortu zuen, eta horrelaxe amaitu zuten norgehiagoka bi taldeek. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko seigarren postuan da taldea, bederatzi puntu batuta.