Andoni Salamero olerkigileak zuzendu eta askotariko artistek taularatu zuten Hauspo bat bihotzari ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten atzo arratsaldean Baztartxo antzokian elkartu zirenek. Azkoitiak trikitiarekin izan duen lotura plazaratu zuten hainbat sortzailek arte hizkuntza desberdinak uztartuz, eta atzokoan, Salamero bera, Lurdes Alkorta, Xabier Alberdi Zabale eta Aitor Furundarena soinujoleak, Bizkargi musika eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak, Andoni Egaña bertsolaria, Garazi Etxaburu dantzaria eta Gorka Larrañaga margolaria izan ziren oholtzan izan zirenak.
Trikitia protagonista izanda, dantzaz, margoaz, musikaz, prosa poetikoaz eta bertsoaz gozatu ahal izan zuten ikus-entzuleek, eta emozio estetikotik sortutako trikitiaren "historia labur bat" jasotzearekin batera. Trikitiaren tradizioa eta herriaren gertuko historia lotu zituen obraren zuzendariak, eta egitura horretan txertatu, besteak beste, Atraskua taberna, langileek ostatu hartzen zuten apopilo etxeak, abarketa fabrikak, Andre Mariaren Jasokundearen parrokia eta Urrategiko erromeriak.