Sirena hotsak entzun dira gaur Azkoitian, Palestinan bizitzen jarraitzen duten genozidio "jasanezina" ozen salatzeko. Gernika Palestina herri ekimenak herriz herri antolatu ditu elkarretaratzeak gaurko, eta deialdiarekin bat egin dute hainbat herritarrek plazan, Genozidiorik ez, gerrarik ez lelopean. Gazan, gaur, 1.096 eguneko "infernua" bizi dutela gaitzetsi dute deitzaileek, beste horrenbeste gau "itogarriekin".
Gernika Palestinak adierazi du "su-eten tranpa" izan dela duela urtebetetik herrialde horretan bizi dutena, Israelek gazatarren artean eragiten duen "agonia titularretatik kentzeko bakarrik" balio izan baitu. "Estatu juduak genozidioa amaitu dela sinestarazi nahi dio munduari, baina Gazako herritarrek oso ondo dakite genozidioak aurrera jarraitzen duela. Saldu diguten 'bakeak' Palestinako biztanleria lehen zuen lurraldearen batak % 40an pilatuta mantentzen du. Beste %60 armada hebrearraren eskuetan jarraitzen dute".
Deitzaileek salatu dute nazioarteko legedia "sistematikoki" urratzen dela, eta Israel zein AEB gelditu ezean, haiek "inpunitate osoz" jardungo dutela beren logika "inperialista eta espantsionistarekin". Honen aurrean, beste behin, subiranotasunaren aldeko deia luzatu dute, "bakea eta justizia" aldarrikatuz.