'Denbora isiltasunean' proiektuan parte hartu du Joseba Beristainek, Arretxinagako San Migel ermitan

Ane Olaizola

Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan proiektu sentsorial bat garatu du Elektr.Art enpresak, eta musikari azkoitiarra soinuaz arduratu da. Ondare historiko handia duen ermitaren barruan hiru harritzar daude, eta argiarekin eta soinuarekin jolastuz, hamar minutuko esperientzia "transzendentala" eskaintzen die bisitariei. 

Hiru harritzar inguratzen ditu Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan dagoen San Migel ermitak (Bizkaia), eta elizak duen historia zein kultur ondarea, berez, berezia bada, ere, orain are apartagoa egingo duen egitasmo bat garatu dute han: argiarekin eta soinuarekin jolastuz, Denbora isiltasunean proiektu sentsorial bat garatu berri du Elektr.Art enpresak, eta Joseba Beristain musikari azkoitiarra arduratu da soinuaz. 

Argi instalazio eta sei bozgorailuz osatutako audio sistema bana jarri dituzte ermitan, han Denbora isiltasunean proiektu iraunkorra gauzatzeko. Hamar minutu inguru irauten du egitasmoaren saio bakoitzak. Azkoitiarrak azaldu duenez, norberak jarri dezake martxan, ermitara sartu eta hango botoi bat sakatuta. Orduan, ermitako pertsianak jaisten dira, eta bizipen sentsoriala hasten da. "Izenak dioen moduan, helburu transzendentala du proiektuak. Antzinako gauzekin konektatzeko eta bertan esperientzia sentsoriala bizitzeko aukera ematen du", adierazi du sortzaileak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide