Gipuzkoako Futbol Federazioaren Diziplina Batzordeak ezohiko espediente bat ireki zuen udaberrian, Gipuzkoako Ohorezko Kadete Mailakoen igoera fasearen azken jardunaldian izandako ezohiko emaitza batzuk tarteko. Igoera jokoan zuten bi klubek salaketa aurkeztu zuten federazioan, Arrupe Chaminade-Danena eta Anaitasuna-Martutene partiden emaitzek susmoak piztu eta gero; izan ere, Arrupe Chaminadek 15-1 irabazi zion Danenari, eta Anaitasunak 16-1 Martuteneri.
Salaketa horien ondotik, gertatutakoa sakonago aztertzeko asmoz, ikerketa zabaldu zuen Gipuzkoako Futbol Federazioak. Futbol erakunde horrek aparteko espediente bat ireki zuen bi partida horietan izandako gertaerak argitzeko, balizko erantzukizunak argitzeko eta lehiaketaren osotasuna bermatzeko. Aldi berean, jardunaldi hartan parte hartu zuten jokalariei zein familiei dei egin zien federazioak, baita klubetako teknikariei nahiz zuzendaritzako kideei ere, kiroltasunik gabeko gertaeraren bat izan bazen, federazioari horren berri eman ziezaioten. Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, 21 lagun galdekatu zituzten.
Ikerketa hori amaituta, Manu Diaz federazioko presidenteak EFE agentziari atzo baieztatu zion, federazioak Fiskaltzari helarazi diola ikerketaren emaitza. Diazek berretsi du abuztuan osatu zuela federazioak espedientea, eta orain, Ministerio Publikoaren esku utzi duela txostena, maiatzean izandako gertakari horiek "osagai penalik" izan zuten edo ez ikertzeko. "Ezer baldin badago, bide judiziala jarraituko du kontuak, eta bestela, federazioaren Diziplina Batzordera itzuliko da gaia, azken erabakia batzorde horrek har dezan", adierazi du Diazek.
Nahi gabe, korapiloan
Kontu horren harira, Anaitasuna futbol taldeko Ibon Osinalde presidentearekin hitz egin du Gukak, eta hark azaldu du kadeteen auzia "kapitulu ezatsegina" ari dela izaten klubarentzat. "Inolako errurik gabe, gu saltsa horren erdian aurkitu gara", esan du presidenteak.
Osinaldek nabarmendu du auzi horretan "federazioaren eskutik" joan dela Anaitasuna. "Gure laguntza eman dugu, eta zintzo bete dugu egokitzen zitzaiguna. Garbi jokatu dugu une oro, eta epailearen deia jaso genuenean, klubeko bi kirol koordinatzaileek azaldu zuten kolaboratzeko prestutasuna. Inolako aho bizarrik gabe, klubak zuen informazio guztia garbi partekatu zuten", nabarmendu du hark.
Gizonak, etenik gabe
Bestalde, Anaitasuna futbol taldeko gizonek kasik atsedenik hartu gabe jarraitzen dute. Atzo, ligako bigarren garaipena eskuratu zuen taldeak, Txerloian. Debako (Gipuzkoa) Amaikak Bat taldearen aurka aritu ziren Loren Barbadoren gizonak, eta gorritxoek 2-1 irabazi zuten. Espainiako Errege Koparen atariko kanporaketaren eraginez, azken bi asteburuetan Anaitasunak ez du liga txapelketako partidarik jokatu, eta horregatik jokatu zuen atzo hirugarren jardunaldian atzeratutako lehia.
15. minutuan hartu zuen etxeko taldeak aurrea, Jokin Errazu erdiko atzelariak egindako golari esker. Dena den, Debako taldeak atsedenaldiaren aurretik lortu zuen markagailua berdintzea. Banako emaitzarekin jo zuten aldageletara bi taldeek, eta bigarren zatian, kostata baino lortu zuten Barbadorenek aurkaria mendean hartzea. 82. minutuan, Julen Aramendik egin zuen gorritxoei garaipena emateko gola.
Gainerako aurkariek baino partida bat gutxiago jokatuta –Anaitasunaren eta Bergararen artekoa falta da–, sei puntu dituzte gorritxoek sailkapenean; etxeko bi partidak irabazi dituzte Barbadorenek, eta Zumaiakoren aurkakoa galdu. Datorren igandean, hilaren 11n, Elgoibar taldearekin neurtuko dituzte indarrak gorritxoek, eta berriz ere zaleen aurrean arituko dira, 17:00etan hasita.