Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXVII. Zikloaren Azkoitiko bigarren kontzertua eskainiko dute etzi, zapatua, Xabier Urtasun organista nafarrak eta Olatz Saitua soprano bizkaitarrak. 20:00etan hasiko da bi lagun horien emanaldia Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan, eta besteak beste, Nadia Boulangerren, Gabriel Faureren, Resurreccion Maria Azkueren eta Jesus Guridiren obrak interpretatuko dituzte.
Urtasun Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko klabe irakaslea da egun, baita Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko Pedagogia departamentuko irakaslea ere. Zenbait sari irabazitakoa ere bada nafarra; izan ere, 2019an hirugarren saria eskuratu zuen Ochsenhauseneko (Alemania) Joseph Gabler Nazioarteko Lehiaketan. Kontzertu ugari eman izan ditu Urtasunek, tartean bakarlari gisa aritutakoa da Espainian, Portugalen, Frantzian, Alemanian, Hungarian edota Perun. Organoaz gain, baina, klabezin jotzailea ere bada hura, eta hainbat talderekin jardundakoa da.
Olatz Saitua sopranoa, berriz, irakaslea da Bilboko Kontserbatorioan eta Musikenen, eta errezital ugari eskaintzen ditu pianoak, gitarrak eta organoak lagunduta. Bere ibilbidea arrakastatsua ari da izaten, besteak beste, Salzburgoko Landestheatereko eta Esseneko teatroko opera konpainietan aritutakoa da-eta jendaurrean.
Honako lotura honetan ikus daiteke etziko emanaldiaren egitaraua.