Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta, Solidaritate Pintxoa egitasmoa egingo dute datorren zapatuan, urriak 17, Kontzejupean. Aurten, pintxoen salmentaren bidez bildutako diru guztia salestarren komunitateak kaleko umeen alde Venezuelan eta Kolonbian dituen proiektuei laguntzeko bideratuko dute. Lurrikarak jasan dituzten bi herrialde horietan dituzten proiektuak lagunduko dituzte modu horretan.
Hori hala, egitasmoa gauzatzeko norbanakoei, herriko elkarteei, harakinei, okinei eta tabernariei dei egin diete, horiei guztiei pintxoak, tortillak, bizkotxoak, postreak eta antzerakoak egunean bertan Kontzejupera eraman ditzaten eskatuz; 09:30etik 10:30era bitartean jasoko dituzte herritarren ekarpenak udaletxe azpian. Hala eta guztiz ere, Gazteak eta Garapena erakundeak azaldu du bestelako laguntza ere "ongietorria" izango dela.