Baztartxo antzokiko filmen agendan En el corazón de la bestia, Vaiana eta Las corrientes dira hurrengoak. Igandean, astelehenean eta asteartean izango dira film horien emanaldiak. Helduentzako En el corazón de la bestia filma igandeko 19:30ean eta asteleheneko –ikuslearen eguna– 20:00etan emango dute; haurrentzako Vaiana filma igandeko 17:00etan izango da; eta helduentzako Las corrientes filmari lotuta Matadeixe Zinetogram taldeak antolatutako zineforum saioa, astearteko 20:00etan.
En el corazón de la bestia filmak bi lagunen biziraupen borroka bat kontatuko du. Hegazkin istripu bortitz baten ondoren, James Belmont Indar Berezietako ofiziala eta Odin bere borroka txakurra Alaskako bihotzean geratuko dira kateatuta. Gupidarik ez duen naturan harrapatuta, bi lagunek bizirauteko egin beharko dute borroka.
Las corrientes filmak, bestalde, Lina 34 urteko estilista argentinarraren bizitzaz hitz egingo du. Bere ibilbidearen gailurrean dagoela, Linak bat-bateko bulkada bat izango du. Suitzan egindako sari banaketa batetik Buenos Airesera itzultzean, ez du ezer esango Linak; isil-isilik eta modu ikusezinean, atzean utzia zuela pentsatzen zuen iraganarekin egingo du topo berriro.
Vaiana haurrentzako filmak, azkenik, Vaiana du protagonista. Hark ozeanoaren deiari erantzutea erabakiko du, eta horretarako, bera bizi den Motunui uharteko arrezifetik aterako da aurrenekoz, Maui erdijainkoarekin batera. Bere herriari zoriona itzultzeko asmoz, bidaia ahaztezin bat egingo du Vaianak.