Espainiako kirol eskaladako hainbat lehiaketa izan ziren asteburuan Caceresen. Iraultza Azkue 14 urteko azkoitiarra Sokaitz eskalada elkarteko kidea da, eta hark 15 urtez azpikoetan parte hartu zuen euskal selekzioarekin. Azkuek hirugarren postua lortu zuen bi modalitatetan.
Azkueren mailan lehiatu zuten euskal selekzioko mutilek emaitza bikainak erdietsi zituzten Caceresen zailtasuneko proban: Markel Korta usurbildarrak (Gipuzkoa) bigarren egin zuen, Azkue azkoitiarrak hirugarren eta Lur Guenetxea oriotarrak laugarren. Espainiako Zailtasun Kopako hiru emaitzak kontuan hartuta, berriz, Guenetxea izan da Kopako txapelduna, Iraultza Azkue hirugarrena, eta Markel Korta laugarrena.
Blokeko probetan ere azpimarratzekoa izan zen euskal selekzioko 15 urtez azpikoek egindako lana. Podiumeko hiru postuak lortu zituzten eskalatzaileek: Asier Intxaurbe izan zen txapelduna, Markel Korta bigarrena, eta Iraultza Azkue azkoitiarra hirugarrena. Kopako bi probak kontuan hartuta Markel Korta izan da Kopako irabazlea.