Imanol Elezgarai: "Errefuxiatu bakoitzak bere istorioa du, eta beren artean gurutzatutako istorio asko daude"

Ane Olaizola

Imanol Elezgarai. (Ane Olaizola)

Imanol Elezgarai kazetaria (Azkoitia, 1992) Lesbosko errefuxiatuen kanpalekuan izan da udan, Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearekin boluntario moduan. Janaria prestatu eta banatu die hango errefuxiatuei, eta hango pertsonen bizi esperientziak lehen pertsonan ezagutu ditu. Eman adina jaso du azkoitiarrak. Urriko aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau. 

Uda sasoian turisten oporretarako leku izan daiteke Greziako Lesbos irla, baina zu boluntario moduan ibili zara han. 

Mediterraneoko irla bat izanda, pentsatzen nuen leku turistikoa izango zela, baina nire harridurarako, ez dut topatu halako masifikaziorik. Baina egia da irlak hondartza eta ur ederrak dituelako joaten dela jendea hara. Nire kasuan, Zaporeak elkartearekin egon naiz han. Hamabi egunetik behin, hiru pertsonako talde bat joaten da Zaporeaki laguntzera, eta boluntario horiek sukalde batean egiten den lan guztia egiten dute, kozinatu izan ezik. Izan ere, sukaldariak hango errefuxiatuak dira, batzuk kanpalekuetan bertan bizi direnak, eta besteak dagoeneko hirira ateratakoak. Horiek kozinatzen dute, eta besteok, gainontzeko guztia egiten dugu: azpiegiturak garbitu, biltegiko materiala jaso eta antolatu, janaria sukaldera eraman, garbitu, moztu eta behin kozinatuta dagoenean, platerean jarri. Hori eginda, janaria furgonetan sartu eta kanpalekuetara joaten gara, han errefuxiatuei banatzeko. 

Egunero, zenbat laguni banatzen zenieten janaria?

Udan, egunero 600-700 errazio ematen genituen, eta orain [iraila] mila baino gehiago ari dira banatzen. Izan ere, kanpalekuaren egoera ziklikoa izaten da, hango errefuxiatuen kopurua ez da egonkorra, eta zaila da, beraz, kalkulatzea egunean zenbat errazio banatu. Ni han egon nintzenean, zenbait egunetan uste genuen janaria sobratu egingo zela, baina ozta-ozta iristen zen guztientzat, eta beste batzuetan, alderantziz. 

Orain ez dakit zenbat errefuxiatu izango diren Lesbosen. Gu han izan ginenean [uztaila], egoera zertxobait hobetu zela esaten zuten. Moriako kanpalekuan zuten egoera larriena. Bi mila lagunentzako lekua zegoen berez, eta hamar mila pertsona egotera iritsi ziren. Su hartu zuen Moriak edo eman egin zioten, eta ondoren egin zuten gu egon garen kanpalekua [Mavrovouni]. Zaporeak elkartea han lanean hasi zenean, 3.000 errazio baino gehiago ematera iritsi zen. Pixkanaka, egoera aldatu egin da, eta gutxitu egin da migratzaileen kopurua. 

"Lagunak kontatzen zuen 10-12 ordu igaro zituela Turkiako itsasertzetik Lesbosera iristen, 3.000 euro ordainduta"

Greziako Gobernuari dagokio haiei janaria ematea. Zergatik ez du egiten?

Han bi bide daude elikagaien baliabideak asetzeko: Greziakoa eta Turkiakoa. Zaporeaken janaria Turkiako bidetik dator, hala esaten diote, handik iristen ez bada ere. Greziako bidea, berriz, Greziako Gobernuak errefuxiatuei jaten emateko antolatua duen sistema da. Hori oinarria da, eta Turkiakoa, gehigarri bat. Ordea, kanpalekuan daudenek egoera administratibo desberdinak dituzte, eta horren arabera, bide baterako ala besterako sarbidea dute. 

Nolakoa da janari banaketa?

Janaria banatzera joan aurreko egunetan, han ikusiko duzunerako burua prestatzen laguntzen dizute. Banaketaren aurreneko egunarekin ondo gogoratzen naiz ni: buruan lan handia egina nuen, seguru bainengoen hori izango zela bidaiako unerik gogorrena. Banaketara joan baino lehen, alor teknikoak azaldu zizkiguten: bakoitzak zer janari banatu behar genuen, egoera administratiboaren arabera errefuxiatu bakoitzak zer eta zenbat jaso behar zuen... Aurreneko egun hartan, milaka datu buruan nituela iritsi nintzen banaketa postura, eta beldur handia nuen akatsen bat egiteko. Robot baten moduan, banatu eta banatu hasi nintzen, eta ohartu nintzen funtzionario bat bezala ari nintzaiola bakoitzari janaria ematen, hotz-hotzean eta inori aurpegira begiratu ere egin gabe. Horrek bazuen arrazoi bat: ilara hartan zegoen gizon bati nire aitaren antz handia hartu nion, eta hondoa jo nuen. Gero, lana amaitutakoan, zoriondu egin gintuzten, bakoitzak jaso zuelako zegokion janaria. Ordea, gure sentipena oso bestelakoa zen, isilik igaro genuen ondorengo denbora. Orduan erabaki nuen hurrengo egunean bestelako hartu-emana izan behar nuela kanpalekukoekin, errazioen kopuruan pentsatu ordez, gertutasuna erakutsi behar niela. Hala egin nuen, eta orduan, beraien jarrera ere oso bestelakoa izan zen nirekiko. Gertutasun horrek asko lasaitu ninduen hurrengo egunetarako.

Imanol Elezgarai Lesbosen. (Utzitakoa)

Harremanik egin al zenuten han bizi diren errefuxiatuekin?

Kanpalekuaren kanpoan bizi direnekin bai, eta hori izan zen egonaldiko gauzarik ederrena. Zaporeaken sukaldean lan egiten duten errefuxiatuekin izan genuen lehenengo hartu-emana. Oso ondo eta abegikor hartu gintuzten haiek hasieratik, eta segituan interesatu ziren gutaz. Haietako bakoitzak bere istorioa du, eta aldi berean, beren artean gurutzatutako istorio asko daude. Horrez gain, haietako batzuekin hiriko plaza batean elkartzen hasi ginen arratsaldeetan. Haiek beraien istorioak kontatzen zizkiguten, eta haien bidez beste migratzaile batzuk ezagutu genituen; finean, haien taldeko parte sentitu ginen. Izugarrizko zortea izan genuen horrekin, niri behintzat migratzaileekiko irudia aldatzeko balio izan zidan, baita bihotza goxatzeko ere.

Aldiz, kanpaleku barrura sar al zintezketen?

Ez. Soilik banaketaren unean sar zaitezke kanpalekuaren eremura, eta une hori oso kontrolatuta egoten da. Ordea, ezin da han barruan ibili, eta guztiz debekatuta dago argazkiak ateratzea. Guri ahalik eta gutxien uzten digute ikusten, eta beraiek bermatzen dute ezin dugula behar baino denbora gehiago han igaro. 

Zuk ikusi ahal izan duzunarekin, zer egoeratan bizi dira?

Guztiak bizi dira barrakoietan. Esplikatu zidatenez, bakoitzean lau pertsona bizi dira, eta aire egokituaren sare bat badute, baina ez da eraginkorra; izan ere, han bizi zen lagun batek esaten zigun gauetan kanpoan egiten zuela lo, barruan ez zegoelako lo egiterik. Esaten zuen, kanpoan lo egitean, bat-batean arratoi edo suge batekin topo egin zezakeela, baina, behintzat, tarteka lo egiteko aukera zuela. Horrez gain, agerikoa da bakoitzak oso espazio txikia duela bizitzeko, eta norberak dituen gauza apur horiek jartzeko lekurik ere ez dute. Beste gobernuz kanpoko erakunde batzuek ere lan egiten dute han, eta haien bidez liburutegia, eskola edota gimnasio txiki bat ere badituzte. Eguna igarotzeko halako gauza batzuk badituzte, baina batetik, hango klimara egokitutako kanpalekua ez da, eta bestetik, dituzten baliabide apurrak justu-justukoak dira. Higieneari dagokionez, komunak ere barrakoietan dituzte, eta egia esan, ez dakit nola egongo diren. Izan ere, esan bezala, apenas ikus daiteke hango zerbait, eta errefuxiatuek ere apenas kontatzen dute zein den hango egoera. Zalantza asko izan nituen beren egoeraz galdetzerakoan, ez bainekien zenbateraino galdetzea zen zilegi, gauza oso pertsonalak direlako eta batzuentzat gogorra izan daitekeelako zer baldintzatan bizi diren kontatzea. 

"Bukle batean daude, eta emozioak nahastuta dituzte: frustrazioa, beldurra, tristura... hori da transmititzen dutena"

Mafiek zer rol dute han?

Nik ez nuen mafien azpiegiturarik ikusi. Egia da gau batean 60 ume zituen txalupa bat bertaratu zela. Guztiak ziren Egiptokoak, eta noski, ume horiek ez ziren bakarrik etorriko. Esaten dute Turkiak polizia lana egiten duela Europako Batasunarekin akordioan, Marokok Gibraltarren egiten duen antzera. Ez dago oso argi zer harreman duen Turkiak halako taldeekin. Beharra dagoen lekuan beti dago norbait etekina ateratzen duena, baina guk behintzat ez genuen halako taldeen azpiegiturarik ikusi.

Zer sentimendu esango zenuke gailentzen dela errefuxiatuengan?

Gu han egon ginenean, sukaldeko bi lagunek pasaportea lortu zuten, eta beraz, asilo eskubidearekin handik joan behar zuten. Kontraste arraroa ikusi nuen haietako baten jarreran: mundu osoa zoriontzen ari zitzaion, baina bera ez zegoen batere pozik. Behin konfiantza gehiago lortutakoan, esan zidan ez zekiela zer egingo zuen. Izan ere, alde batetik, errefuxiatu bakoitzaren helburua da pasaportea lortzea, bestela bizimodua egiteko aukera bakarra kanpalekuan dutelako. Bestetik, ordea, desiratutako aukera hori lortzen dutenean, ez dakite hurrengo pausoa zein izango den: erabaki behar dute nora joan, eta han, prozesua berriz hasieratik hasi behar dute: beste kanpaleku bat, beste asilo prozesu bat... Era berean, lana lortzeko paperak eduki behar dituzte, baina horretarako denbora jakin bat igaro behar dute herrialde horretan... Beraz, atera ezin duten bukle batean daude, eta emozioen nahaste bat izango dute: frustrazioa, beldurra, tristura... Hori da transmititzen dutena, bizirauten ari baitira. 

Asilo eskubidea lortzen dutenek ba al dute nahikoa baliabide kanpalekutik irten eta aurrera egiteko?

Ez, noski. Beltzean lan eginda lortzen dituzte halako baliabideak, edota bestela inguruan duten sareak emandako diruaren bidez egiten dute aurrera. Asiloa lortu zuen beste laguna Yemengo 25 bat urteko mutil bat zen, eta hark kontatzen zuen 10-12 ordu igaro zituela Turkiako itsasertzetik Lesbosera iristeko –hamar kilometro inguruko distantzia dago–. Duela hiru urte, itsasontziz egin zuen bidaia harengatik 3.000 euro ordaindu zituen. Orain, berriz, 6.000 euro kostatzen dela zioen. Beraz, jendeak gero eta gauza gehiago hipotekatu behar ditu hara iristeko, eta behin iritsitakoan ere, gatibu diren esparruetan bizi dira. 

Europaren atera iristen direnean, orduan ohartzen al dira zer den Europa?

Egiptotik iritsi ziren gaztetxo haiez gogoratzen naiz. Haiek pentsatzen zuten Europa zapaltzen zuten unean lortuko zutela helburua; hortik aurrera, egin beharreko lanak egin eta nahikoa izango zela. Ez dute imajinatzen guztia dela oztopo, eta egoera horretan aurkitzen direnean, galduta sentitzen dira. Esaterako, haietako batek eskatu zigun ea gurekin eramango al genuen, lanik topatuko al genion edota bere senideak Europara ekartzen lagunduko al genion. Kostatu egiten zaie ulertzea gauzek ez dutela horrela funtzionatzen. 

Boluntario izan zaren bitartean, zer da bueltan jaso duzuna?

Ni hara ideia politikoengatik joan naiz, gizarteari ekarpen bat egiteko asmoz. Azken urteetan sentipena izan dut, kazetaritzan maiz migrazio prozesuez hitz egiten dugula, baina izugarrizko distantziarekin eta hoztasunarekin. Kontatzen dugu migrazio prozesu bat, eta segidan, denborale bat. Beraz, halako prozesu gogorrekiko izugarrizko distantzia sortua nuen, eta nahi nuen errealitatearekin konektatzea, egoerari aurpegiak jartzea eta ikustea zein den benetako dimentsioa; hainbeste urtez hizketagai izan dudana bizitzea eta gertutik ezagutzea. Ikasi dut arinkeriaz lantzen ditugula gaiak. Kazetaritzan, halako gauzez hitz egiten dugu edukiak betetze aldera, eta orain, ohartu naiz zer bizi istorio dauden horien atzean. Izan ere, guk izugarrizko zortea izan dugu maparen leku jakin batean jaio garelako. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide