Irabazteko gogoz atera ziren Azkoitiko kiroldegiko kantxara Challenge Ligako Domusa Teknik ISBkoak larunbat arratsaldean. Denboraldiko aurreneko norgehiagoka Unicaja Mijas taldearen kontra jokatu eta galdu egin zuten, luzapenean. Lehen laurdenetik hasi ziren aurrea hartuta aurkariak (19-21), baina bigarren laurdenean egindako lanari esker, atsedenera puntu bat aurretik (37-36) iritsi zen etxeko taldea. Gero, denak buelta emanda, bukaera gogor baten ondoren, galdu egin zuten luzapenean, 83-85.
Aurreikusi bezalako partida "gogorra" izan zela adierazi zuen norgehiagokaren bukaeran Asier Larrañaga Domusa Teknik ISBren entrenatzaileak. "Talde berria, denboraldi berria eta Unicajaren aurkako jardunaldia gogorra izatea espero genuen. Dena den, aurrera begira ikasteko asko balioko digun neurketa izango da", esan du taldearen gidariak. Orain, datorren neurketari begira jarriko direla gaineratu zuen Larrañagak. Datorren larunbatean, urriaren 10ean, Galizian jokatuko dute A Coruñako Maristasen kontra (18:00etan).
Espainiako Bigarren Mailako Biele ISBk etxetik kanpo jokatu zuen larunbat arratsaldean, Cartagenaren kontra. Lehen laurdenean berdinketa (25-25) egin zuten, baina bigarrenean abantaila hartu zien aurkariei, atsedenera 39-47 iritsiz. Hurrengo laurdenean, ordea, egurra eman zieten aurkariek, eta 11 puntuko aldea atera zien (33-22). Azkeneko zatian, puntuetan Iraurgikoak gehiago izan ziren, baina aurretik kontrakoek ateratako abantaila ezin izan zuten gainditu. Hala, 93-86 galdu zuten denboraldiko lehen neurketa.
Hurrengo norgehiagoka etxean, Azpeitiko kiroldegian, jokatuko dute Biele ISBkoek. Datorren igandean, urriaren 11n, 18:00etan hasita jokatuko dute neurketa, La Salud Cartagena taldearen kontra.