San Martingo auzotarrek auzo bazkaria egingo dute azaroaren 7an, Joseba jatetxean. San Martin auzoa sortu zela 100 urte bete dira aurten, eta urteurren biribil hori aitzakia egingo dute otordua auzotarrek. Ricardo Otaño orduko alkateak langile jendearentzat etxebizitza beharra zegoela ikusi zuen, eta hala, San Martin auzoa sortu zuen. "Urteurren hori ospatzeko San Martingo auzotarren arteko bazkari bat egitea pentsatu dugu", azaldu dute antolatzaileek.
Bazkarirako izen emate epea zabaldu dute antolatzaileek, eta hain justu, bihartik hilaren 23ra arte izango da izena emateko aukera. San Martin auzoan dagoen Bitturiñeko dendan edota Ardatz elkartean (arratsaldez) eman ahalko da izena, 40 euroren truke. Nolanahi ere, antolatzaileek nabarmendu dute ordainketa izena ematean egin beharko dela.
Azaroaren 11a da San Martin eguna, eta auzoko zaindariaren egunaren atarian egingo dute juntadizoa. "Sarri esan ohi digute San Martingo auzotarrok ukitu berezia dugula. Ez dakigu hori horrela den edo ez, ezta 'ukitu' horren esanahia ona, txarra edo 'aldrebesa' izatearena den. Hala eta guztiz ere, bertakoak sentitzen garenok harro gaude sanmartindarrak izateaz", azaldu dute.
Auzoarekin "lotura" izan duen oro animatu dute bazkarira antolatzaileek. "Berdin dio bizitza osoa auzoan eraman edo ez; berdin dio auzoan jaio eta orain beste nonbait bizi den ala ez, edota beste nonbaiten jaio arren orain bertako egin den. Azken finean, San Martingoa sentitzen den guztientzat antolatu da bazkaria". Giro onean San Martingo "bizipenak elkarrekin partekatzera" animatu dituzte herritarrak.