Anaitasuna futbol taldeak Espainiako Errege Kopa jokatuko du. Navarreteko (Errioxa) Tedeon taldearen aurkako atariko kanporaketa aise gaindituta (10-2), kopa txapelketako lehen kanporaketa jokatzeko sailkatu da Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen taldea. 13:00etan hasita egin dute lehen kanporaketa horretako partida guztiak zehazteko zozketa Espainiako Futbol Federazioaren Las Rozaseko egoitzan, eta gorritxoei Alaves egokitu zaie.
Alavesez gain, Anaitasunaren aurkari posibleak Athletic, Osasuna eta Espanyol ere baziren, eta azkenean, Gasteizko taldearen izena atera dute bolatxoan. Hori hala, urriaren 28an, asteazkenez, neurtu beharko dituzte indarrak Anaitasunak eta Alavesek, Txerloian. Partida bakarrera jokatuko dute kopa txapelketako lehen kanporaketa hori, eta irabazlea abenduaren 2an jokatuko duten bigarren kanporaketara sailkatuko da.
Urte gutxian, bigarrenez jokatuko du Anaitasunak Espainiako Errege Kopa; izan ere, 2020ko abenduaren 17an, Anaitasunak Getaferen aurka jokatu zuen Txerloian. Gorritxoek 1-2 galdu zuten Madrilgo taldearen aurka, nahiz eta markagailuan aurrea hartzea lortu zuten. COVID-19a zela eta, zaleen babesik gabe aritu zen Anaitasuna Getaferen aurkako partidan. Aurten, berriz ere, Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka arituko dira gorritxoek, baina, oraingoan, jarraitzaileen babesa izango dute.
Porrota Bilbon
Bestalde, Anaitasunaren emakumeen taldeak 2-1 galdu zuen herenegun, zapatua, Bilbao Artizarrak taldearen aurka. Hirugarren jardunaldiko partida jokatu zuten Iñigo Oruesagasti Orue-renek San Ignacio zelaian, eta kale egin zuten gorritxoek, nahiz eta berdegunean nagusi izan ziren une oro.
Baloiaren jabetza Anaitasunak izan zuen partida guztian zehar. Egoera hori ikusita, etxeko taldeak zelai erditik behera kokatu zuen presio lerroa; zelai erdiaren eta beren arearen arteko zonaldean jarri zuten beren defentsa egitura. Aurkariaren asmo horien aurrean, Oruerenak saiatu ziren baloiarekin joko azkarra gauzatzen, baina ez zuten lortu gola egiteko abagune garbirik. Kontrara, Bilbokoak ez ziren Intza Paredes Anaitasunako atezainak defendatzen zuen atera hurbildu ere egin.
Atsedenaldiaren ondoren ere bide beretik jarraitu zuen lehiak, baina baloiarekin lehen zatian baino erosoago aurkitu zen Anaitasuna. Husnako berdinketa hausteko asmoz zelairatu ziren gorritxoak, baina, beren oker baten ondorioz 65. minutuan jaso zuten gola. Markagailuan atzetik jarrita, jokoa aldatzea erabaki zuen Oruek, zenbait aldaketa gauzatu baitzituen orduan. Hori hala, erasoko jokoan jende gehiago batu zuen Anaitasunako entrenatzaileak, eta aukerak bata bestearen atzetik sortu zituzten. Azkenean, 83. minutuan lortu zuen Amaia Elorzak banakoaren gola egitea.
Azken hamar minutuetan garaipenaren bila jo zuen Anaitasunak, baina, gutxien espero zenean, Bilbao Artizarrak taldeak lortu zuen garaipena eskuratzeko gola. Luzapeneko bigarren minutuan egin zuten Bilbokoek bi eta batekoaren gola, hegal batetik antolatu zuten erasoari amaiera emanez. Kolpe gogorra jaso zuen Anaitasunak, Bilbokoak ez baitziren iritsi kasik Paredesen ate aurrera.
Hiru jardunaldi jokatuta, Anaitasuna sailkapeneko bosgarrena da orain lau punturekin. Datorren zapatuan jokatuko dute Oruerenek laugarren jardunaldiko partida San Juan futbol zelaian, Lakua Arriaga taldearen aurka (15:30).