Aldundiak diruz lagunduko du Debagoieneko unibertsitateetara joateko autobus zerbitzua

Ane Olaizola

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Martxan zein Unibide elkarteetako ordezkariak. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Azkoititik, Azpeititik, Zestoatik eta Zumaiatik Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako campusetara joateko autobus garraio zerbitzua eskaintzen duen Martxan elkarteak aldundiaren diru laguntza jasoko du, eta horrenbestez, Mugi sisteman txertatuko dute zerbitzua. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa sailak diruz lagunduko du  Martxan elkartea, eta horrenbestez, Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitiko ikasleek erakundearen zerbitzua jasoko dute Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako campusetara (Gipuzkoa) joateko. Martxan elkartea ez ezik, erakundeak Goierri eta Urola Garaiko Unibide elkartea ere diruz laguntzea onartu du, helburu berarekin. 

Azahara Dominguez diputatuak Unibide eta Martxan elkarteetako kideekin egindako bilera sortaren ondoren erabaki du aldundiak bi elkarteei diru laguntza ematen hastea. Aldundiak azaldu du laguntza ekonomikoaren helburua dela elkarte horietako kideek garraio aukera "eskuragarria" izatea, eta duela bi urte eskualdeko Ziztu elkartearekin egin bezala, aurrerantzean Mugi sisteman txertatuko dute Martxan elkartearen zerbitzua ere. "Horrela, goi mailako hezkuntzarako sarbidea demokratizatu nahi dugu, ikasleek benetan nahi dutena ikasi ahal izan dezaten, garraioa oztopo izan gabe, eta haien familiei arintze ekonomiko garrantzitsua eskainiz”.

Ziztu elkartearen inguruan, hain zuzen, diputatuak adierazi du "arrakasta handia" duela halako zerbitzuen formulak, horri esker Gipuzkoako "ehunka herritarrek" Bizkaiko unibertsitate campusetara bidaiatzeko aukera duelako prezio "oso ekonomikoan".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide