26 talde, 435 jokalari eta 55 entrenatzaile, ISBren denboraldi berriko protagonistak

Nerea Uranga

Iraurgi saskibaloi klubak aurkeztu ditu 2026-2027ko saskibaloi taldeak. Azpeitiko Soreasu antzokian egin du taldeen aurkezpena. Kimuen mailatik goragoko taldeak aurkeztu ditu banan-banan, klubaren babesleek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko, Azpeitiko nahiz Azkoitiko udal ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.

Jokoari ekiteko prest dira Iraurgi saskibaloi klub taldeko jokalariak. 2026-2027 denboraldiko taldeak aurkeztu zituzten atzo arratsaldean Azpeitiko Soreasu antzokian egindako ekitaldian. Kimuen mailatik nagusien mailara arteko 26 taldeetako jokalariak igo ziren Soreasuko agertokira banan-banan. 26 talde, 435 jokalari eta 55 entrenatzaile izango dira klubaren izenean jokoan ariko direnak.

Aurkezpen ekitaldian klubaren babesle diren enpresetako ordezkariek nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko kiroletako nahiz Azkotiko eta Azpeitiko udaletako ordezkariek parte hartu zuten. Denboraldian garaipenak lortzeko eta lan egiteko gogoz daudela adierazi zuten Domusa Teknik ISB eta Biele ISB talde nagusietako kapitainek eta entrenatzaileek.

Bihar larunbata, urriak 3, 19:00etan, emakumeen Challenge Ligako Domusa Teknik ISBren eta Unicajaren arteko saskibaloi partidara gonbidatu zituzten saskibaloi zaleak. Azkoitiko kiroldegian jokatuko dute biharko norgehiagoka.

Espainiako Bigarren Mailako Biele ISBk ere bihar, larunbata, jokatuko du denboraldiko aurreneko norgehiagoka. Etxetik kanpo ariko dira Cartagenaren kontra, 20:30ean, Cartagenako kiroldegian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide