Gaur zabalduko dute Urolako Trena maratoian izena emateko epea. Antolatzaileek abuztuaren amaieran jakinarazi zuten probaren hurrengo edizioa otsailaren 20an eta 21ean jokatuko dutela, eta orain izena emateko epea zabaldu dute, kronoak.com atarian.
Urolako Trena zenaren bidea osatzeko helburuarekin, iaz egin zuten lasterketaren lehen edizioa, eta bigarrena prestatzen ari dira orain. Bigarren edizioak Gipuzkoako hainbat herri zeharkatuko ditu: Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia. Lasterketak hiru distantzia eskainiko ditu ibilbide berean, beheranzko norabidean: 7K (Legazpi–Zumarraga), 21K maratoi erdia (Zumarraga–Azpeitia) eta 42K maratoia (Zumarraga–Zumaia). "Tunelak, harrizko zubiak eta tren geltokiak: natura, industria ondarea eta komunitatea bat eginda", adieraziz laburbildu dute antolatzaileek probak eskaintzen duena.
2026koa izan zen Urolako Trena lasterketaren aurreneko edizioa; orduko hartan, maratoi erdi formatuan soilik jokatu zuten proba. Sei kirolari keniarrek osatu zituzten Zumarragan hasi eta Azpeitian bukatu zen probako gizonen eta emakumeen podiumak. 750 lasterkarik parte hartu zuten duela 100 urte inauguratu zuten trenaren ibilbidean barrena jokatutako proban. Sailkapen nagusiko aurrealdeko postuetan kokatuta, euskal herritarren artean bigarren izan ziren Imanol Larrañaga azkoitiarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra. Proba bukatuta, balorazio positiboa egin zuten antolatzaileek.