Larunbat honetan Azkoitiko Elkargunean ariko zarete zuzenean. Nola sortu da kontzertua gune horretan emateko aukera?
Iraupen laburreko bilduma bat grabatu genuen iaz. Kantuak grabatu ostean, Julen gitarristak taldea utzi zuen eta haren ordez Ekaitz sartu zen. Talde osaketa berriarekin kontzertu batzuk emateko aukera bila ari ginen Gipuzkoan, eta Azkoititik dei bat jaso nuen. Jasotako proposamenak zentzua zuenez eta motibatzen gintuenez, kontzertua ematea erabaki dugu.
Gainera, taldeak aurten 25 urte bete ditu, eta urteurren borobila ospatzeko Nafarroan eta Gipuzkoan kontzertu sorta bat ematea ideia bikaina dela iruditzen zaigu. Azkoitikoa bira horren barruko emanaldietako bat izango da.
Zer moduz talde eraberrituarekin? Nolakoa da elkarrekin jotzea?
Dagoeneko kontzertu batzuk jo ditugu elkarrekin eta, egia esan, oso gustura gaude egungo taldekideok hartu dugun martxarekin. Entseguak egiteko buruhauste gehiago izaten ditugu, hori bai. Bi gitarristak nafarrak dira, eta gu, aldiz, gipuzkoarrak. Baina modu batera edo bestera elkartzen gara kantuak elkarrekin entseatu ahal izateko eta zuzenekoak prestatzeko.
Azkoitia bada punk oi! zale asko duen herria. Plaza berezia izango da zuentzat, ezta?
Bai, betidanik izan dugu harreman handia Azpeitiko eta Azkoitiko jendearekin. Taldearekin hasi ginenetik beti sentitu izan dugu babes handia herri horietan: musika talde asko, jende asko... Han jotzea sekulakoa izan da hasieratik. Momentu hartan horrelako girorik ez zegoen Gipuzkoan.
25 urteko ibilbidea egin duzue, eta bidean hamaika talde gazteagoren erreferente ere bihurtu zarete. Nola sentitzen zarete horretan pentsatzean?
Erreferente izan ote garen? Ez dakit... Horiek hitz potoloak dira. Norbaitentzat erreferente izan baldin bagara, ikaragarria da niretzat. Beste edozer baino gehiago balio du horrek. Jendearentzat talde garrantzitsua izatea eta kontzertuetan gure abesti guztiak kantatzeak pila bat gogobetetzen nau. Talde batek lortu dezakeen gauzarik handiena da hori.
Hainbat belaunalditako jendea ikusi izan da zuen emanaldietan. Nola bizi duzue hori oholtza gainetik?
Oso gustura gaude gure publikoarekin. Iruditzen zaigu adin guztietako jendeak egon behar duela gure kontzertuetan. Gure belaunaldiko jendea ikustean, 25 urteotan egindako lan guztian pentsatzen dut. Jende gazteagoa ikusteak, berriz, ilusioz betetzen nau, hor daudelako gaztetasunaren indarra eta gogoa.
Zuen hasieretako kontzertuekin alderatuta, musika eszena asko aldatu al da azken bi hamarkadetan?
Eszenari dagokionez, egungoa aberatsa da, eta oraindik badaude punk oi! taldeak euskal musikan. Hala ere, funtzionamendua aldatu dela esango nuke. Gaztetxeetan lehen baino kontzertu gutxiago egiten dira. Dena dela, aldaketa handiena emanaldiak antolatzerako orduan nabaritu dut. Orain, kontzertuak epe luzera lotzen dira, hainbat hilabetetako tartearekin. Gure hastapenetan, hitzorduak aste batetik bestera ixten genituen, eta horrek zuen xarma galtzen ari da.
Larunbatean Karne Cruda taldearekin partekatuko duzue agertokia. Nolakoa da haiekin duzuen harremana?
Nik ez dut harremanik haiekin, baina taldekideek topo egin dute Karne Cruda taldearekin beste proiektu batzuetan. Bezperan Logroñon [Espainia] izango du kontzertua taldeak,. Bidaia aprobetxatuz, Azkoitian geldialdia egiteko proposamena egin genien, eta baiezkoa eman ziguten.
Azkoitian izango zarete aspaldiko partez. Zer espero duzu eskainiko duzuen kontzertuaz?
Esan bezala, Azkoitian beti sentitu izan gara etxean bezala. Lagun asko egin ditugu azken urteetan, eta haiek ikustea espero dugu. Azkoitiak beti ematen digun berotasuna sentitzea espero dugu, eta guk geure onena emango dugu.