Anaitasuna mendi bazkunak informazio bilera deitu du etzirako. Izan ere, elkarteak adierazi du ekintzak zein horietako parte hartzea goraka doazela, eta joera horrek horrela segitu ahal izateko lantaldea handitu beharra dagoela. Hain zuzen, gaur egungo funtzionamendua moldatu beharra dagoela uste du mendi bazkunak, eta herritarrengana jo du laguntza eske. "Bakoitzak bere aldetik pixka bat jartzen badu, mendiaz urte askoan gozatzen segituko dugu".
Elkartearen egoera eta beharrak herritarrei azaltzeko asmoz prestatu dute etzirako bilera, eta egun horretan, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan bilduko dira, 19:00etan.
Bi hitzordu gehiago
Etziko bilera horrez gain, Anaitasuna mendi bazkunak beste bi hitzordu antolatu ditu datorren asterako. Batetik, urriaren 16an, ostiralez, Jonatan Garcia alpinistak Aneto-Maladeta: 51 X 3.000 izeneko hitzaldia eskainiko du Elkargunean. Garciak 51 hiru milako egin ditu Maladeta eta Aneto mendietan. Benasquetik (Espainia) abiatuta eta han bertan amaituta, 34 orduan egin zituen 51 igoera horiek, eta hain justu, orduan bizitako esperientziak azalduko ditu.
Bestetik, Urola Bizirik natur taldeak eta Anaitasunak elkarrekin antolatuta, Izarraitz mendikateko urpeko urak ezagutzeko mendi ibilaldia egingo dute urriaren 17an, larunbatez. Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruan egingo dute irteera hori. Inma Mugertza hidrologian aditua denak zuzenduta, Izarraizko karsta nahiz ur azpiko uren garrantzia nahiz funtzionamendua zein diren erakutsiko dute irteeran. Urola Bizirikek nabarmendu du Izarraitz mendikatea eremu karstiko "aberatsa" dela, baina sarritan halako altxorrak "ezkutuan" gelditzen direla.
Horregatik guztiagatik, herritarrak animatu dituzte natur taldekoek. 09:00etan Aittolako aparkalekutik abiatuko dira parte hartzaileak, eta 4-5 orduko ibilaldia egingo dute. Amaieran, gainera, mokadutxoa eskainiko dute Xoxoteko aterpetxean. Honako lotura honetan eman beharko da izena ibilaldian parte hartzeko.
Espeleologia egin dute
Anaitasuna mendi bazkunak espeleologia irteera egin zuten herenegun, zapatua, Asparrenako (Araba) Leze haitzulora. Bost eta zazpi ordu bitartean eman zituzten espeleologia egiten. Hamar bat lagunek parte hartu zuten irteeran, eta Lezeko kobazuloan zehar gozatua hartu zuten.
