Astelehenean arratsaldez bilduko dute odola Elkargunean

Andoni Elduaien

Pertsona bat odola ematen. (Anartz Izagirre)

16:30etik 20:30era bitartean egingo dituzte odol ateraldiak etzi, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak odola emateko deia egin die herritarrei, zenbait odol motaren erreserbak maila baxuan daudela eta.

Etzi, astelehena, odol ateraldiak egingo dituzte, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Irailaren 21eko azken odol ateraldien ondotik, urriko lehen hitzordua izango da astelehenekoa; arratsaldez egingo dituzte ateraldiak, 16:30etik 20:30era bitartean.

Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak hasita daude herritarrei astelehenerako hitzorduak ematen. Odola ematen hasi nahi dutenek edo odol ateraldien funtzionamendua zein den hobeto ezagutu nahi dutenek 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu beharko dute. Osakidetzak odola emateko eskatu die herritarrei, zenbait odol motaren erreserbak maila baxuan baitaude. 

Iraileko hitzorduan 129 odol poltsa bildu zituzten Azkoitiko Odol Emaileen Elkartekoek. Etziko hitzorduaren ondoren, urriaren 26an egingo dituzte hurrengo ateraldiak, eta orduan ere arratsaldez arituko dira herritarren ekarpenak jasotzen. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide