Plaza Ondo elkarteak bihar hasiko ditu ikasturte berriko jarduerak

Ane Olaizola

Zazpi ikastaro eskainiko dituzte bihartik aurrera: pintura, erlaxazioa, areto dantzak, gurutze puntua, yoga, kantua eta zumba. Bingo saioak zein pasierak ere prestatu ditu jubilatuen elkarteak. 

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak urriarekin batera hasiko ditu ikasturte berrirako prestatu dituen jarduerak. Guztira, zazpi ikastaro eskainiko dituzte datozen hilabeteetan: pintura, erlaxazioa, areto dantzak, gurutze puntua, yoga, kantua eta zumba. Horiez gain, bingo saioekin zein Gure inguruan ezagutzen egitasmoarekin jarraituko dute aurten ere.

Ikastaroei dagokienez, margo eskolak astearteetan eta ostegunetan izango dira, 17:00etatik 19:00etara artean; erlaxazioa, berriz, astelehenetan emango dute, 11:15etik 12:15era arte; areto dantzen ikastaroa, asteazkenetan izango da, 16:45etik 17:45era edo 18:00etatik 19:00etara; gurutze puntua egiteko, berriz, astearteetan 17:00etatik 19:00etara edo ostiraletan 16:00etatik 18:00etara bitartean elkartuko dira; kantua praktikatu nahi duenak astelehenetan izango du aukera, 16:30etik 17:30era artean; eta zumba egiteko astearteetan eta ostegunetan bilduko dira, 11:15etik 12:15era artean. 

Yogari dagokionez, hiru talde osatuko dituzte, eta bakoitzak honako ordutegi hau izango du: lehen taldea astelehenetan eta asteazkenetan elkartuko da, 15:00etan. Bigarrena, astearteetan 14:45ean eta ostiraletan 09:30ean. Eta hirugarrena, astearteetan 15:45ean eta ostiraletan 11:45ean. Ordubeteko eskolak izango dira guztiak. 

Pasierak eta bingoa

Ikastaroak ez ezik, beste hainbat jarduera ere egingo dituzte: batetik, ostegunero jarraituko dute bingoan jokatzen, 16:00etan. Bestetik, hileko hirugarren astearteetan Gure inguruak ezagutzen egitasmoa egingo dute, eta 10:00etan eliz atarian elkartuta, pasierak egingo dituzte. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide