Ane Labakak lortu du garaipena Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen faseko hirugarren saioan. Lekeitioko (Bizkaia) Santi Brouard pilotalekuan jokatu dute saioa, eta han kantatu du Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarrak. Saio txukuna osatu badu ere, 646 puntu batu ditu Artetxek, eta hori hala, asko zaildu zaio finalaurrekoetarako sailkapena.
Ariketa puntuagarriak osatu ostean, Labakak pilatu du puntu gehien: 681 puntu. Hori hala, Gernika-Lumoko (Bizkaia) finalaurrekoan kantatuko du hark, azaroaren 7an. Aner Peritz zarauztarra sailkatu da bigarren (679 puntu), Maddalen Arzallus hirugarren (677,5 puntu), Aitor Bizkarra laugarren (676 puntu) eta Artetxeren atzetik seigarren, Aroa Arrizubieta (616 puntu).
Bost bertsolari horiek lehen fasea osatzeko falta diren gainerako saioei erreparatu beharko diete finalaurrekoetara sailkatzen diren edo ez ikusteko. Gaur-gaurkoz, lehen fasea amaitzeko beste lau saio falta dira: Donapaleukoa (Nafarroa Beherea), Tolosakoa (Gipuzkoa), Gotaine-Iribarnekoa (Zuberoa) eta Aguraingoa (Araba). Nolanahi ere, Peritzek, Arzalluzek eta Bizkarrak atzo Altsasuko (Nafarroa) saioa irabazi eta Miarritzeko finalaurrekorako sailkapena eskuratu zuen Oier Etxeberria azpeitiarrak baino puntu gehiago jaso dituzte (672,5 puntu).
Goraino bete da Santi Brouard pilotalekua; izan ere, sarrera guztiak salduta, ia 1.000 bertsozale bildu dira han. Idoia Anzorandia aritu da gaur bertsotan aritu diren sei lagunei gaiak jartzen.