Euskal Kopa irabazi du Domusa Teknik ISBk

Andoni Elduaien

Domusa Teknik ISBk ordezkariak, gaur, Euskal Kopan lortutako garaipena ospatzen. (Euskal Saskibaloi Federazioa)

Asier Larrañagarenek 69-50 hartu dute mendean Horbisa Spirit Ausarta Barakaldo taldea, Galdakaon (Bizkaia). Aurreneko laurdenean galtzen hasi badira ere, bigarrenerako lehia irauli dute otsoek. Atsedenaldiaren ondoren hautsi dute lehia Azkoiti-Azpeitikoek. Biele ISBk, bestalde, Lobe Huesca La Magia hartu dute mendean Espainiako Koparen azken jardunaldian.

Domusa Teknik ISBk Euskal Kopa irabazi du gaur, igandea, Galdakaon (Bizkaia). Asier Larrañagak zuzendutako taldeak Barakaldoko (Bizkaia) Horbisa Spirit Ausarta Barakaldo taldearekin neurtu dituzte indarrak arratsaldean, eta otsoek 69-50 irabazi dute. 

Azkoiti-Azpeitiko taldeak gogotik egin behar izan du lan garaipena lortzeko, batez ere, lehiaren lehen zatian. Barakaldoko taldeak aurrea hartu du lehen laurdenaren amaierarako, eta otsoek partida irauli behar izan dute. Bigarren laurdenaren erditik aurrera maila ona erakutsi du Larrañagaren taldeak, eta atsedenaldirako bost puntuko tartea zabaldu dio aurkariari (33-28). 

Nolanahi ere, Euskal Kopako finala atsedenaldiaren ondoren hautsi du Domusa Teknik ISBk; izan ere, aurkariari aukera gutxi eman dizkio erasoan. Oso ondo aritu da taldea nola defentsan, hala erasoan, eta azkenean, hemeretzi puntura eraman du aldea (57-38). Kopa irabazteko bidea hartu dute otsoek azken laurdenaren aurretik, eta amaierako hamar minutuetan sendo azaldu da; aukera gutxi eman diote Barakaldoko taldeari. 

Gizonen lehen garaipena

Bestalde, atzo, Biele ISBk Espainiako Kopako lehen garaipena eskuratu zuen Azpeitiko kiroldegian. Otsoek Lobe Huesca La Magia taldearekin neurtu zituzten indarrak, eta Gorka Atxalandabasok zuzendutako taldeak 83-30 irabazi zuen. Kopako hirugarren jardunaldian lortu zuen ISBk txapelketa horretako lehen garaipena. 

Lehen laurdenaren amaieran, hamar puntu goitik zenb Atxalandabasoren taldea (21-11), baina bigarren laurdenaren erdirako estutu zuen partida Huescako (Espainia) taldeak, denbora gutxian bi puntura arrimatu baitzen talde bisitaria (27-25). Nolanahi ere, Biele ISBk egoerari aurre egiten asmatu zuen, eta atsedenaldirako berriro hamar puntura ihes egin zuen (43-33). 

Lehen zatiaren bide beretik jo zuen bigarren zatiak ere. Aginte makila etxekoek izan zuten kantxan, eta otsoek markagailuko aldeari eutsi zioten hirugarren laurdenean (63-52). Dena den, azken laurdenaren erditik aurrera aukera gehiegi eman zizkion Atxalandabasoren taldeak aurkariari, eta pixkanaka-pixkanaka lehia estutu zuen. Hala eta guztiz ere, Biele ISBk garaipena lortu zuen (83-80). Espainiako Kopara begira, balio gutxi duen puntua urratu zuten otsoek, baina datorren astean hasiko dute Bigarren FEB Mailako ligari begira, zinez garrantzitsua. 

Lesioa gaindituta, kantxara itzuli zen Jordan Jermain estatubatuarra. (Mikel Amenabar 'Otola')

Ligari hasiera

Bai gizonen Biele ISBk, bai emakumeen Domusa Teknik ISBk datorren larunbatean, urriak 3, hasiko dute liga txapelketa. Biele ISBk Basket Cartagena taldearen aurka jokatuko du Cartagenan (Espainia), 20:30ean. Larrañagaren taldeak, berriz, LF Challenge ligan jokatuko du beste urte batez. Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute denboraldi berriko estreinako partida Unicaja Mijasen aurka, 19:00etan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide