Udara Caixabank txapelketako ligaxkaren barruko azken bi partidak Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu dituzte gaur goizean. Lehen neurketan, Iturriaga-Arrastia eta Gomez-Ruiz pilotariak aritu dira nor baino nor; eta 22-16 eginda, Iturriaga-Arrastia bikoteak lortu du garaipena. Bigarren partidan, berriz, Oskoz-Perez eta Aldaregia-Mendiburu lehiatu dira, eta horretan ere 22-16 eginda, Oskoz eta Perez izan dira nagusi.
Ligaxka bukatuta, punturik gehien batu dituzten bi bikoteek jokatuko dute Udara Caixabank txapelketaren finala urriaren 3an, Iruñeko Labrit pilotalekuan; hain zuzen ere, Barrokal-Agirre eta Iturriaga-Arrastia bikoteak izango dira horiek. Barrokalek eta Agirrek ligaxkan jokatutako bost partidak irabazi dituzte; Iturriagak eta Arrastiak, berriz, lau.