"Elkarbizitza agertokien eraikuntzaren alde" lan egiten jarraituko duela berretsi du Sare Herritarrak

Andoni Elduaien

Dozenaka lagun, atzo, herriko plazan. (Sare Herritarra)

Sare Herritarrak ikasturte berriko lehen elkarretaratzea egin zuen atzo. Aurrerantzean ere, biolentziaren biktimak "aitortuak" izango diren eta euskal presoen, iheslarien eta deportatuen auziari "konponbide bat eskainiko dion herria lortzeko lan" egingo dutela azpimarratu zuen sareak. 

Ikasturte hasierako lehen elkarretaratzea egin zuen atzo, ostirala, Azkoitiko Sare Herritarrak. Sare horrek hileko azken ostirala baliatzen du euskal presoen, errefuxiatuen eta deportatuen eskubideen "auziaren konponbidearen alde" egiteko, eta atzo, iraileko azken ostirala izanik, dozenaka lagun elkartu zen herriko plazan, 19:30erako. Era berean, azpimarratu zuten konponbide horren eskutik "elkarbizitza agertokien eraikuntzaren alde" ari direla egiten. 

Sare Herritarrak aste honetan Euskal Herriko bost hiriburu hartu ditu Helmuga dinamikaren barruan. "Modu argian adierazi dugu prest gaudela euskal gizartearen gehiengo zabala ordezkatzen duten alderdiekin, sindikatuekin eta eragile sozialekin zein politikoekin batera horren beharrezkoa zaigun konponbideari ekarpenak egiten jarraitzeko. Ez ekarpenak soilik, azken urteetan egin dugun moduan, konponbideari bultza egin behar diogula uste dugu, hain zuzen, sufrimendu izugarria eragiten jarraitzen duen auziarekin behin betiko amaitzeak ahalbideratuko ligukeelako elkarbizitza agertokiak are eta iraunkorrago eta sendoago eraikitzea", azpimarratu zuten.

Esan zuten, halaber, "konponbidea oztopatu nahi duten zenbait eragile eta lobby mediatikok mendeku gosez" jarraitzen dutela. "Nabarmena da azken asteetan ikusi dugun zenbait gradu erregresiotan. Aurrerantzean ere, egoera ezagutu gabe 500 kilometrotara hartzen diren erabakiak salatzen jarraituko dugu, zeinak oinarri juridikotik gutxi duten; horiek oztopo dira eraiki nahi dugun Euskal Herriarentzat, sufrimenduari amaiera eman eta enpatiaz, jasandako sufrimenduak aitortuko dituen herriarentzat, alegia".

Posizio horietan lerrokatzen diren eragileez gaindi, "konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko lanean" jarraituko dutela berretsi zuen Sare Herritarrak. "Urtarrilaren 9an Bilbon egingo dugun manifestaziora bitarte, baditugu zenbait etxeko lan herrietan eta auzoetan, eta orain artean eraikitako akordio eta adostasunak ardatz, izango ditugu hamaika hitzordu datozen hilabeteetan konponbideari ekarpenak egiten jarraitzeko. Argi eta garbi dugu zein den helmuga: biolentziaren biktimak aitortuak izango diren eta euskal presoen, iheslarien eta deportatuen auziari konponbide bat eskainiko dion herria. Bide horretan aurkituko gaituzue lanean aurrerantzean ere".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide