Pausoka ekoiztetxeak EiTBrentzat ekoitzitako Go!azen telesailak jasoko du aurtengo Abadia saria. Idoia Uranga azkoitiarra da telesail musikal horretako aktoreen zuzendaria, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gazteen artean euskararen erabilera ikus-entzunezkoen bidez "modu erakargarrian, naturalean eta iraunkorrean" sustatzeagatik sarituko du proiektua.
Gaur, ostirala, Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute denboraldi berria, hamahirugarrena, eta hitzordu horren atarian jakinarazi du Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak saria Go!azen telesailari emango diotela. Dagoeneko, hamabi denboraldi bete ditu telesailak antenan, haur, gazte, eta, oro har, familia asko eta askorentzat "erreferentziazko programa" bilakatuz eta "belaunaldi ezberdinak elkartzeko gaitasuna" erakutsiz.
Aldundiak balioa eman nahi izan dio telesailari, euskal hizkuntzarekiko, kulturarekiko eta balio hezitzaileekiko "atxikimenduan" nahiz "transmisioan" egindako ekarpen "nabarmena" izan dela eta. "Euskara aisialdiarekin, musikarekin eta harreman pertsonalekin lotuz, Go!azen telesailak hizkuntzaren erabilera, prestigioa eta harekiko atxikimendua zabaldu ditu gazteen artean. Ekoizleek, sortzaileek eta protagonistek euskaraz sortutako kalitatezko entretenimendu eskaintza ondu dute azken urteetan, Euskal Herri osoko haurrentzako eta gaztetxoentzako erreferente bihurtuz", berretsi du Mendozak.
Era berean, diputatu nagusiak goraipatu du kultur erreferente berrien "sorrera bultzatzetik harago", Go!azen telesailak asmatu duela "gazteen errealitatera" egokituz, euskal kulturaren "sustapenean" eta "balio hezitzaileen bultzada" eragiten. "Aurreiritzien aurkako mezua, adiskidetasuna, errespetua, berdintasuna, inklusioa eta elkarlana sustatzen ditu telesailak, gizarte ikuspegitik berebiziko garrantzia duten gaiak adin tarte horretara hurbilduz. Gainera, euskal kulturaren presentzia indartu du, dantzaren eta kantuaren bitartez, sormenetik euskal musikaren abesti zaharrak eta berriak publiko gaztearengana hurbilduz", adierazi du Mendozak. Diputatu nagusiak gaineratu du, telesailak transmisiorako "ate berria eta berritzailea" zabaltzea lortu duela.